Ategorrietako sarraskian eraildakoak omendu dituzte Batzar Nagusiek
Ategorrietako sarraskian eraildako zazpi langileak eta dozenaka zaurituak aitortu dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen dituzten talde politiko guztiek. Botere publikoek “egia, justizia eta erreparazioa” bilatu behar dituztela adierazi dute adierazpen instituzional baten bidez. “Memoria historiko objektiboa” defendatu behar dutela adierazi dute, eta gizarte berdinzaleago eta justuago baten alde borrokatu zuten pertsonak aitortu behar dituztela.
Maiatzaren 27an 90 urte bete ziren Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. 1936ko gerra eta frankismoko fusilamenduak kontuan izan gabe, XX. mendean Euskal Herrian langileen aurka izandako sarraskirik handiena izan zen Donostiakoa: Guardia Zibilak zazpi langile hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen.
Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira gertatu zen Ategorrietako sarraskia. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
Ategorrietako sarraskiari buruzko erreportaje interesgarria idatzi dugu Josetxo Otegi historialariaren ezagutza oinarri hartuta, eta Ategorrietan eraildako Jose Novo arrantzalearen ilobari elkarrizketa egin diogu.