Gizon bat atxilotu dute Antiguan, pistola batekin bi pertsona mehatxatzeagatik
68 urteko gizon bat atxilotu du bart Ertzaintzak Antiguan, bere eraikineko bizilagun bati eta telefono konpainia bateko langile bati pistola batekin mehatxatzeagatik. Ertzaintzak jakinarazi duenez, telefonia enpresa bateko langile bat Antiguako bizilagun batengana joan zen atzo gauean, Internetarekin zuen matxura bat konpontzera. Etxeko eskailera-buruan beste bizilagun batek –68 urteko atxilotuak– gizonari eta langileari mehatxatu zien pistola batekin: “Internet gabe utzi zutela esaten zuen, eta konpontzeko exijitu zion langileari”, azaldu du Ertzaintzak. Zenbait orduz etxean itxita egon ondoren, 68 urteko gizona atxilotu du Ertzaintzak.