Kirol arloan eraso matxisten aurkako urte osorako protokolo bat behar dela dio EH Bilduk
Donostiako Udaleko Berdintasun sailak gaur aurkeztu du uda honetan abiatuko duen eraso matxisten aurkako kanpaina, eta jaiak bere horretan ospatuko ez direnez, sare sozialetan zentratuko direla iragarri dute, baita kirol arloan eta lan esparruan erasoak saihesteko eta erasoei aurre egiteko lanketak egin ere. Azken asteotan, kirolaren arloan izandako sexu erasoengatik salaketak jarri dituzte Donostian, eta, testuinguru horretan, EH Bilduk uste du ez duela “zentzu handirik” kanpaina udara mugatzeak: “Garai horretan, kirol modalitate federatu gehienak ez daude aktibo, eta eskola kirola erabat geldirik dago”, adierazi du Reyes Carrere zinegotzi eta bozeramaileak. “Gure ustez, kiroleko sexu indarkeriaren eta abusuen aurkako lan horrek irismen eta eraginkortasun handiagoa izan dezan, urte osoan zehar hedatu beharko litzateke; izan ere, udako hilabeteetara mugatzen bada, mezuak ez du eraginik izango kirolari gehienengan”, gaineratu du.
Eskola kirola abian den garaian “abusua espezifikoki lantzea” oso garrantzitsua dela nabarmendu du, baita kirol arloan “sexu indarkeria desagerrarazteko urrats sendoagoak eta ausartagoak” eman behar direla ere. “Emakume kirolarien aurkako sexu jazarpena eta abusu psikologiko eta fisikoak osotasunean landu beharreko tabu bat dira. Oso errealitate konplexua da, eta adar asko ditu: diskriminazioa eta hizkera sexista komunikabideetan; entrenatzaileek masajistek eta zuzendariek abusuzko eta jazarpenezko harremanak izatea emakume kirolari, epaile eta entrenatzaileekin; aukera falta, eta abar”, gaineratu du Carrerek.
Horregatik, Carrerek azpimarratu du “behar-beharrezkoa” dela “gobernu honek gure hiriko kirol erakunde guztiei berdintasun plan bat prestatzeko laguntza eta orientazioa ematea, eta plan hori aplikatzera behartzea”. Horrela, EH Bidluren ustez, plan horrek bere gain hartu behar du “sexu jazarpenaren eta abusuaren aurka egiteko protokolo bat, kirol jarduera osoan (entrenamenduan eta lehiaketan) aplikatu beharrekoa, eta, kudeaketari dagokionez, klubaren eta gure hiriaren errealitate sozioekonomikora egokitua”. Horregatik, halako plan bat garatzeko eskatuko diote udal gobernuari, asteleheneko udal batzordeetan egingo duten interpelazioaren bidez.