Uda "osasunez gozatzeko" kultur denboraldia aurkeztu dute
Datozen hiru hilabeteetako kultur programazioa aurkeztu dute gaur Viktoria Eugenia Antzokian, Osasunez gozatu! lelopean. “Eskaintza aberatsa, zabala, anitza, irisgarria, publiko guztiarentzat eta dinamikoa izango da, eta osasun egoera aldakorrera egokituko da”, azaldu du Kultura zinegotzi Jon Insaustik.
Aurretik, udan kultur jarduerak antolatzen dituzten udaleko aktore nagusiekin lan bilera bat egin du Eneko Goia alkateak. Hala nola, Donostia Kultura, Jazzaldia, Hamabostaldia, Zinemaldia, Chillida Leku, Tabakalera, San Telmo Museoa, EHUko Udako Ikastaroak, Kutxa Kultur, Aquarium, Elizbarrutiko Museoa eta Kursaal. Horiek guztiek, eremu pribatuko beste sustatzaile batzuen eskaintzarekin batera, proposamen sorta handia osatuko dute.
Bostehun jardueratik gorako egitaraua antolatu dute. Santa Klara uharteko Hondalea esku hartze artistikoaren aurkezpenak eman zion hasiera pasa den astean, eta irailaren bukaera bitarte luzatuko da. Zehazki, Zinemaldia bitarte. Hiruhileko bat izango da, ohiko jai hitzorduekin, irismeneko erakusketekin, kaleko antzerki jarduerarekin, kontzertuekin, jai jarduerekin eta jarduera ludikoekin. Hori guztia, gainera, osasun-bilakaeraren ondorioz aldatzen ari den testuinguru batean egingo da. Hortaz, udak dimentsio dinamikoa izango du, agintariek ezarritako edukiera baldintzetara egokitzeko.
Festak
Aste Nagusiaren inguruko aipamenik egin ez bada ere, gaur aurkezturiko programazioak dio ez dela egingo. Horren ordez, Donostia Festak sailak kultura eta kirol jarduera programa bat prestatu du; hilaren 24an hasiko da, San Bizente elizan emango den abesbatza kontzertuarekin eta irailaren 12an bukatuko da, Donostiako Estropaden bigarren egunarekin.
Formatu txikiko jarduerak izango dira, eta musika, kale antzerkia, herri kirolak, haurrentzako jarduerak eta zinema izango dira protagonistak. Era guztietako publikoarentzat programatutako kirol proposamen ludikoetan ere parte hartu ahal izango da. Zinemak eta antzerkiak auzoak bisitatuko dituzte abuztuan zehar eta, irailean, estropaden inguruan, eta euskarazko ekoizpenari lotutako kultur programazioa izango dute. Gainera, Erraldoiak San Telmo Museoan egongo dira ikusgai abuztuan zehar.
Antzerkia kalean
Donostia Kulturak, kultur etxeen sarearen bidez, Antzerkia Kalean 2021 antzerki-programa antolatzen du, ekainaren 11tik irailaren 10era. Guztira, 18 konpainiak hogeita bat ikuskizun aurkeztuko dituzte 25 emanalditan. Hauekin ikuskizuna, musika, umorea, zirkoa, jolasa eta kolorea izango dira gure hirian. Haur eta familientzako proposamenak nagusi dira helduentzako dantza eta antzerki proposamenak biltzen dituen programan. Eta programa hau hainbat auzotan egingo da.
Udako antzerkia
Iaz agertokiak seguruak direla erakutsita, Udako Antzerkia 2021an itzuliko da, komedian oinarritutako programazioarekin, ikuskizun ezagunekin, eta artista eta izenburu entzutetsuekin. Besteak beste, Ramper, Yo soy el que soy, La mujer de negro eta Por lo pelos antzezlanak, eta Loles Leon, Jorge Javier Vazquez, Oscar Terol eta Gorka Otxoa gisako aktoreen lanak ikusi ahal izango dira. Gainera, bi antzezlan estreinatuko dira: 5 minututan eta Capullas.
Dkluba
Donostia Kulturako Dkluba zirkuituak kontzertuak antolatzen jarraituko du hiriko areto pribatutan. Hala, ekainetik irailera, hainbat emanaldi daude programatuta Bataplan, Dabadaba, Doka eta BeClub lokaletan… Besteak beste, Dupla, El Meister, Manolo Kabezabolo eta Havoc taldeak entzun ahal izango dira.
Aipaturiko jarduerez gain, azpimarratzekoak dira Jazzaldia (uztailaren 21etik 25era), Musika Hamabostaldia (abuztuaren 1etik 27ra) eta Zinemaldia (irailaren 17tik 25era).