Whiski iragarki bat grabatzen ari dira Donostian
Whiski etxe ezagun baten iragarkia grabatzen ari dira Donostian, Tony Kaye zuzendari ezagunaren zuzendaritzapean. Hay ganas da spotaren izena, eta Parte Zaharrean eta Kontxako hondartzan egin dituzte grabaketak. Ehun estrak baino gehiagok hartu dute parte grabazioan.
Ikus-entzunezko beste proiektu batzuk ere Donostian grabatu dituzte azkenaldian: Iciar Bollainen Maixabel filma, Netflix kateko Bienvenidos al Edén eta Amazon kateko El Internado-Las cumbres telesaila, besteak beste.
Marisol Garmendia Ekonomia Sustapeneko zinegotziaren arabera, errodaje horiek mesede egiten diete hiriko ekonomiari: “Donostiak filmen errodaje adierazgarriak hartzeaz gain, erakargarria da inpaktu ekonomikoari begira oso errentagarriak izaten diren publizitate-iragarkiak filmatzeko: talde handiak erakartzen dituzte, tokiko enpresen zerbitzuak erabiltzen dituzte, eta estra kopuru handia mobilizatzen dute. Kasu honetan, Gipuzkoan 325.000 euroko inbertsio estimatua kalkulatzen da. Gainera, hirian film baten errodajeak sorrarazten dituenak baino eragozpen gutxiago eragiten dituzte”.