Basauriko eraso homofoboa salatu dute Donostian ere

Ekain Perrino gazte basauriarrak larunbatean pairatutako eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Donostiako Transmaribollo Koordinadora Feministak, Erasoen aurrean, autodefentsa transfeminista lelopean.
Eraso homofoboa larunbat gauean gertatu zen, 02:30ean. Perrino lagun batzuekin Basauriko plaza batean zegoela, beste gazte bat iraintzen hasi zitzaion, eta gero irainak kolpe bilakatu ziren. Hamahiru gizonen artean jipoitu zuten azkenean, “marikoi zikina” eta bestelakoak oihukatuz, eta konorterik gabe utzi zuten. Erasotzaileek ihes egin zuten, baina Poliziak dagoeneko haietako bederatzi identifikatu ditu.