Donostia: pilotalekuz jositako hiria
1863ra arte, Donostia inguratzen zuen harresiaren kontra jokatzen zuten pilotan donostiarrek. XIX. mendean, Ategorrietako Jai Alai, Aldamar kaleko Beti Jai, eta Atotxako pilotalekua eraiki zituzten, besteak beste. Trinitate plazako pilotalekua 1963an eraberritu zuen Peña Gantxegik.
Pilotalekuak Euskal Herriko paisaiaren elementu oso garrantzitsuak dira. Pilotarekin kirola egiteko espazioak dira nagusiki, baina beste hainbat funtzio ere betetzen dituzte. Plaza publikoak diren heinean, herritarrak biltzeko eremu ere badira. Donostian, egun hainbat pilotaleku daude, baina iraganean askoz gehiago ziren. Herritarrek esku pilotan jarduteko espazioak ziren, baita txapelketak egin eta sarrera ordaintzeko lekuak ere. Pare bat mende egin behar dugu atzera Donostiako pilotalekuen historia ezagutzeko.
1863. urtean Donostia inguratzen zuen harresia eraitsi zuten. Ordura arte, harresiaren kontra zegoen Donostiako pilotalekua, gaur egun Bulebarra dagoen inguruan. Ondoren, pilotalekurik ez zegoenez, Jose Goikoa arkitektoaren aginduz Atotxako pilotalekua eraiki zuten 1877. urtean. Eremu hori historikoki kirol eta ikuskizunetara bideratuta egon da: pilotalekuaz gain, zezen plaza bat ere egon zen Atotxan, eta aurrerago, futbol zelaia. Izan ere, Atotxako pilotalekua itxi zutenean, eraikin hori militarrek erabili zuten kuartel moduan, eta gero, fruta merkatua ere izan zen, futbol zelaia eraiki zuten arte. Inguruan beste bi frontoi ere baziren: Moderno eta Maitea zuten izena.
Zubietako frontoia, zaharrena
Hala ere, XIX. mendearen erdialdetik baino lehenagotik Zubietan bazegoen frontoia; 1954an eraberritu zuten. Gaur egun leku berean zutik dagoen frontoi zaharrena da.
Atotxako frontoi hura dagoeneko ez da existitzen, eta badira desagertutako beste hainbat frontoi ere. Esaterako, XIX. mendearen amaieran Hernani kalean beste frontoi ireki bat zegoen.
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran oso ezaguna izan zen frontoia Ategorrietakoa da. Gaur egun San Ignacio ikastetxea dagoen eremuan zegoen Jai Alai frontoia. 1887. urtean eraiki zuten, eta 2.400 eserleku zituen.
Bestalde, Jose Goikoak ez zuen soilik Atotxako frontoia diseinatu: Beti Jai pilotalekuaren eraikuntza ere zuzendu zuen. 1893an eraiki zuten Aldamar kalean, Jose Arana enpresariak sustatuta. Sustatzaile horrek Atotxako zezen plaza ere eraikitzea sustatu zuen Karlistaldia amaitu eta gero. Eraiki eta berehala, Arana zezenketak antolatzen hasi zen, eta Donostiak gerraren ondorioz galdu zuen turismo aristokratikoa berreskuratu zuen. Aldamar kaleko frontoian, berriz, pilota partidak antolatu zituen, helburu turistiko berarekin. Horrela sortu zuen Aranak Aste Nagusia.
Aldamar kaleko frontoiaz gain, Aranak antzeko beste frontoi bat eraiki zuen Madrilen, izen berekoa: Beti Jai. Donostiakoa erre egin zen 1913an, eta garai hartan hasi ziren Aldamar kalearen eta Salamanka pasealekuaren arteko etxebizitzak eraikizen. Madrilgo frontoiak, berriz, oraindik zutik dirau, eta estilo horretako pilotaleku bakarra da munduan.
Peña Gantxegiren diseinua
Trinitate plazako frontoia 1930ean eraiki zuten, eta 1963an eraberritu zuen Luis Peña Gantxegi arkitektoak: bolatokia eta herri kirolak egiteko espazioa gehitu zizkion.
Trinitate plaza eraberritu zuten urte berean– 1963an–, eraiki zuten Anoetako frontoia: egungo Atano III.a pilotalekua. Frontoi modernoa zen eraiki zuten garaian, eta gaur egun arte sekulako garrantzia izan du pilotaren munduan, baita bertsolaritzarenean ere.