Ikasbide ikastolako haurren segurtasuna bermatzeko egitasmoa abiatu dute
Bi astez ikastetxearen alboko bi kaletan mozketak egingo dituzte ikasleen sarrera eta irteera orduetan. Proiektu pilotua Ikasbidek eta Mugikortasun sailak sustatu dute elkarlanean.
Astelehenetik abian da Ikasbide ikastolaren alboko trafikoa arintzeko eta ikasleen segurtasuna bermatzeko proiektu pilotua. Ikastetxearen eskaera aintzat hartu du Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak. Horrela, hilaren 18ra bitarte auzoko bi kaletan mozketak egingo dituzte. Batetik, Pablo Gorosabel kalerako sarrera itxiko dute, eta, bestetik, Bartzelona hiribideko azken zatia –Nemesio Etxaniz kalearekin lotura duena–. Mozketen ordutegia goizetan 08:45-09:00 artekoa izango da, eta arratsaldetan 14:30-14:45 bitartekoa.
«Ikasturtean zehar kexa eta salaketa asko jaso dugu eskola komunitatetik. Ez bakarrik trafiko handia dagoelako, baizik eta ikasturte osoan berritze lanak izan ditugulako ikastetxe alboko kiroldegian», azaldu du ikastolako zuzendari Jon Gabilondok. Kiroldegiko zerbitzua martxan jarri zenean, zirkulazioa «dezente» areagotu zela gaineratu du, eta horrek segurtasun arazo gehiago sortu zituela. «Mugikortasun sailari arazoen berri eman, eta eskatu genien beste ikastetxeetan egin moduan, eskola inguruko kaleren bat itxi eta sarrera zein irteera tarteak seguruagoak egiteko».
Proiektu pilotua da eta ikastetxeko langileek, gurasoek eta irakasleek hartu dute parte prozesuan. Ikasbidek eta Mugikortasun sailak bizilagunen laguntza eskatu dute haurren segurtasuna bermatzeko egingo den jarduera aurrera eramateko.
Irailean azken erabakia
Bi asteko epea beteta, Ikasbidek balorazioa egingo du Mugikortasun sailarekin, zuzenenean kaltetutako auzokideekin eta eskola komunitatearekin. «Orduan ikusiko dugu irailean proiektu pilotu izatetik betebeharreko arau bat izatera pasatuko den», esan du Gabilondok.