Groseko Zipotz jaietako pala eta esku-pilota txapelketa egingo dute
Donostiako Udalaren baimena jaso ondoren, Groseko Zipotz jai batzordeak pala eta esku-pilota txapelketa antolatuko du. Asmoa hilaren 28an hastea da, eta finalak uztailaren 16an izango direla ziurtatu dute.
Partidak astelehenetik ostiralera izango dira arratsaldero, 18.00etan, Saguesko frontoian. Ondorengoak dira kategoriak: gizonezkoen esku-pilota, emakumeen esku-pilota, emakumeen pala (teniseko pilotarekin), lehen eta bigarren mailako pala (gomazko pilotarekin). Gomazko pala txapelketan bikoteak mistoak eta bi neskez osaturikoak izan daitezke. Partidak binaka izango dira: palazkoa (emakumeen pala txapelketa teniseko pilotarekin eta bestea gomazko pilotarekin, 25 tantora) eta eskuzkoa gizonezko zein emakumeena (larruzko pilota goxuekin 22 tantora).
Segurtasun eta prebentzio neurriak iazkoen antzerakoak izango dira, eta jendearen laguntza eta ulermena eskatu dute antolatzaileek, bestela ezinezkoa izango delako aurrera eramatea. Finalen egunean, iazko neurriak ezarriko dituzte. Hau da, frontoian sartzeko sarrera eta irteera ezberdinak izango dira. Sarreran gel hidroalkoholikoa eman beharko da eta harmailan ahal den neurrian distantziak mantenduz. Maskara jarrita edukitzea derrigorrezkoa izango da. Ezingo da jan eta edan.
Izena emateko
Parte hartu nahi duenak grospilota@hotmail.com posta elektronikora idatzi beharko du modalitatea, bikotearen izen-abizenak eta telefono bat adieraziz. Datu guztiak bidaltzea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute. Izena emateko azken eguna hilaren 24a izango da. Taldeak egin eta hilaren 26an jakinaraziko dituzte.
Txapelketan parte hartzeko bikoteak 20 euro jarri beharko ditu, eta lehen partiduan ordaindu beharko da. Ez da egutegian finkatutako partidurik atzeratzera onartuko eguraldi txarragatik ez bada. Printzipioz eguraldi txarra egiten duen egunetan partiduak Amara zaharreko frontoi estalian jokatuko dira. Atzerapenak eta egun aldaketarik onartuko ez denez, jokatu ezin duen bikoteak ordezkoak aurkeztu beharko ditu.
Txapelketara apuntatzeko emailean zehaztu behar da egun edo ordu jakin batean jokatzeko zailtasunak izatekon, egun edo ordu jakin horretan partidarik ez jartzeko. Adibidez, lanetik 19.00etan ateratzen denak eska dezake partidak ordu horretatik aurrera jartzeko. Antolakuntzak ahal duen heinean kontuan hartuko ditu parte hartzaileek egiten dituzten eskaerak, beti ere egutegia finkatu baino lehen.