Loiolako tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko kontratua adjudikatu dute
Loiolako tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko proiektua egiteko kontratua adjudikatu du Adifek. Dynamis ingeniaritza estudioa arduratuko da proiektua egiteaz, 94.606,27 euroko aurrekontuarekin eta zazpi hilabeteko epearekin proiektua diseinatzeko. 2019ko martxoan egin zuten lizitazioa, eta bi urte beranduago adjudikatu dute.
Proiektuaren helburua erabiltzaile guztien irisgarritasuna hobetzea izango da. Horretarako, egungo nasa eraitsiko dute, eta handiago bat eraikiko dute, sarbide kontrolarekin eta itxarongelarekin. Bi noranzkoetako nasak lotuko dituen goiko pasabide bat ere eraikiko dute, eskailera eta igogailuarekin. Horrela, gaur egun lur azpian dagoen pasabidea kenduko dute. Lurra eta seinalizazioa ere hobetuko dituzte, besteak beste.
Lanberri auzo elkarteak lizitazioa egin zen garaian eskatu zuen geltokiari Loiolako geltokia deitu beharrean Txomiñeneko geltokia deitzeko, izatez Txomiñenean baitago.