Asteburuan ez da trenik izango, eta autobusek emango dute zerbitzu hori
Norteko geltokia eraberritzen ari dira AHTaren geltoki berria bihurtzeko. Lan horien ondorioz, asteburuan Hernani eta Pasaia artean ez da trenik izango, baina Renfek autobus zerbitzua eskainiko du. Hernani, Martutene, Loiola, Donostia, Ategorrieta, Intxaurrondo, Herrera eta Pasaiako geltokiak elkarren artean konektatuta egongo dira autobusen bidez: tren geltokietatik gertu geratuko dira autobusak.
Distantzia ertaineko trenen kasuan, Andoain eta Irun artean jarriko dituzte autobusak. Distantzia luzeko trenentzako autobusak ere izango dira.
Norteko geltokia Abiadura Handiko Trenaren geltokia bihurtzeko lanak aurrera doaz, eta ekainaren 1ean Egia eta Erdialdea lotzen dituen trenbide gaineko pasabidea itxi zuten. Lur azpiko pasabidetik joan daiteke soilik alde batetik bestera. Irailean hori ere itxi egingo dute, eta Terminus hotela eta Mandasko Dukearen pasealekua lotuko dituen goiko pasabide bat eraikiko dute, eskailerekin eta igogailuarekin.
Obra 2022ko udan amaitzea aurreikusten dute. Behin-behineko geltokiak eskailera finkoak eta igogailua izango ditu, eta Nestor Basterretxea plazan izango du sarbidea. “Atotxako geltoki berria Norteko geltokiaren eta Tabakalera inguruaren egungo arkitekturan txertatzen da, eta, aldi berean, garraiobide ezberdinen arteko lotura bultzatuko du: aldiriak, abiadura handia eta autobusak. Gainera, trenbide zabalgune berriaren gainean, Tabakalerako eraikinaren lehen solairuaren parean, eraikiko den estalkiarekin, 5.723 m²-ko azalera duen espazioa sortuko da, eta herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko plaza publiko bihurtuko da. Eraikinetik bertatik zuzeneko sarbidea izango du”, azaldu du Euskal Trenbide Sareak.