ELAk akordioa lortu du H&M-rekin, eta multinazionalak ez du inor kaleratuko Hego Euskal Herrian
H&M dendetako langileek egindako ia bi hilabeteko greba mugagabeak bere fruituak eman ditu, eta multinazionalak ez du inor kaleratuko Hego Euskal Herrian. Multinazional suediarrak apirilaren hasieran aurkeztu zuen CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako Espainiako Estatu osoan lan erregulaziorako txostena, enpresaren esanetan, aurrez aurreko salmenta dagoeneko ez delako hain errentagarria, eta online salmentari bultzada eman nahi diotelako. Hala ere, 2020. urtean 1.270 milioi euroko irabaziak izan zituen enpresa suediarrak. Horrek Hego Euskal Herriko zortzi dendetako 229 langileei eragiten zien, tartean Garberakoa. 229 langile horietatik, 56 kaleratu nahi zituen H&M-k, eta gainontzekoei jardunaldia murriztu edo lekualdatu.
Horren aurrean, ELA sindikatuak deituta, grebari ekin zioten langileek, nahiz eta CCOOk eta UGTk ez duten greba babestu. Orain, ELAk akordioa lortu du multinazionalarekin: “Astean 30 ordutik gorako lanaldia duen eta kontziliazio eskubidea baliatzen duen jendea kaleratzeko asmoa baztertu du; aldi berean, gaur, bertan behera utzi ditu EAEko hiru lurraldeetan eta Nafarroan egin nahi zituen kaleratzeak eta lan baldintzen funtsezko aldaketak”, azaldu du sindikatuak. “Akordio honekin ELAk greba bertan behera utzi eta honek eragindako lantokietan langileak lanera itzultzeko konpromisoa hartzen du. ELAk zorionik beroenak eman nahi dizkie H&M-ko langile hauei, enpresa suediarrari aurre egin diotelako, enpleguaren eta lan baldintzen alde”, gaineratu dute.