Infernuan bizi ziren hamalau pertsona auzipetuen aldeko manifestazioa egin dute
Ibaetako Infernua auzunean bizi ziren hamalau pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak, otsailaren 6an. Pertsona horien kontrako epaiketa gaur hasi behar zen, baina azkenik atzeratu egin dute auzipetuetako batzuek ezin izan dutelako Egiako epaitegira joan. Zehazki, irailaren 22ra atzeratu diete epaiketa. Gipuzkoako Aldundiak salatu zituen hamalau pertsona horiek, eta jabetzaren “usurpazioa” egitea egotzi die. Epaiketa atzeratu arren, arratsaldean manifestazio jendetsua egin dute Egiako epaitegietatik Gipuzkoa plazaraino.
Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta goizetik mobilizazioak egin dituzte epaitegiaren aurrean. Baita musika ekitaldiak ere. Infernua Bizirik plataformak jakinarazi duenez, datozen egun eta asteetan gerta daitekeenari adi egongo dira. Horrekin batera, auzipetuen aldeko babesa eskatu dute: “Infernuaren alde egitea ez da soilik hiru eraikin defendatzea: guztiontzat etxebizitza eskubidea aldarrikatzea da, gentrifikazioaren aurka egitea da, ertzeko komunitateen alde egitea da, poliziaren erasoen aurka egitea da, hainbat zapalkuntza moten arteko aliantzaren alde egitea da… Infernuaren alde egitea Donostia modu erradikalean aldatzearen alde egitea da”.
Infernuko okupazioa
Infernuan Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren hiru bloke daude okupatuta gaur egun: “Eraikin horiek 1980ko hamarkadatik abandonatuta zeuden, eta guk gutxienez sei urte daramatzagu barruan. Urte horietan guztietan aldundia ez da bere jabetzaz arduratu”. Horregatik, alde batetik, salatu dute aldundiak “bide penala” erabiltzea erabaki izana, “okupak zigortzea bilatzen duelako, eta ez eraikinaren jabetza berreskuratzea”. Era berean, hainbat galdera luzatu dizkiote aldundiari: “Zer egingo duzue kalean geldituko den jendearekin? Zertarako erabiliko duzue enpresa eraikitzaile pribatuek Infernuaren truk emandako dirua?”.
Bizilagunek gogoratu dute iazko azaroan Infernuko 60 bat bizilagun kaleratu zituztela, eta “kale gorrian” utzi zituztela: “Pertsona migranteek eta transmaribolloek ez daukate lekurik gaur egungo Donostian. Horregatik elkartu gara periferian, horregatik egin dugu komunitatea eta hartu dugu konpromisoa elkar babesteko. Azaroan, ‘fabrika’ eraikina modu ilegalean hustu zutenean, 60 bat migrante kale gorrian geratu ziren, eta batzuek estatutik alde egin behar izan zuten”.
Era berean, plataformak nabarmendu du Infernuan gertatzen ari dena hiriaren gentrifikazioaren eta politika publikoen ondorio dela: “Donostiako hirigintza plana argia da: erdigunea turistentzat eta klase altuenentzat gorde nahi dute, han dauden herritarrak periferiara bultzatuz. Infernua gune estrategikoa da horretarako. Gu gauden lekuan urbanizazio bat egin nahi dute, hiritik kanporatzen ari diren klase ertainentzat. Etxebizitzen erdia babes ofizialekoak izango omen dira, eta, horregatik euren burua zuritzen dute. Babes ofizialeko etxeak, ordea, familia nuklear zurientzat pentsatuta daude, ez dira edonorentzat irtenbidea. Adibidez, Infernuan okupatzen bizi garenok ez ditugu betetzen etxebizitza horietan sartzeko eskatzen dituzten baldintza sozialak eta ekonomikoak”. Hain zuzen, udalak beste pauso bat eman du Infernuko hirigintza plana garatzeko bidean.