Añorga Txikiko hirigintza proiektuarekin ez daude konforme elkarteak
Udal gobernuak 248 etxebizitza eraikitzeko plan berezia aurrera eramango du. Auzoaren etorkizuna baldintzatu dezakeen proiektuan parte hartu nahi dute auzotarrek.
Otsailean eman zion udalak hasierako onarpena Añorgako Geltokia azpieremuko plan bereziari, eta martxoan Añorgatxikitarrak auzo elkartearekin bilera bat egin zuten, auzoan bertan. Auzo elkarteak udalari adierazi zion hirigintza proiektuarekin ez zegoela ados, eta auzoko beste hainbat elkarte iritzi berekoak zirela. Hain zuzen, Añorgako hainbat elkartek bat egin dute plan berezia aldatzen saiatzeko. IRUTXULOKO HITZA beraiekin elkartu da Añorga Txikin.
Hirigintza proiektuaren helburua 39.000 metro karratu inguruko lursaila birsortzea da. Etxebizitzak ez ezik, plaza publiko bat, aparkalekuak eta berdeguneak ere eraikiko dituzte. Azpieremua birsortzearekin konforme daude auzotarrak, baina eraikiko diren etxebizitza mota –zortzi solairukoak– eta kopurua gehiegizkoa iruditzen zaie. Izan ere, auzoak 600 bizilagun pasa gehiago izango lituzke. Horrela ere, udalak aurrera egiteko asmoa du.
Ostiraleko astekarian Añorga Txikiko plan bereziaren inguruko erreportajea irakurri ahal izango da.