Egian kulturarteko sare bat sortzeko lehen urratsa egin dute
Pasa den hilaren 15ean Hau Egia Da! egitasmoak Tabakaleran topaketa bat antolatu zuen Egiako elkarte, erakunde eta kolektiboak biltzeko helburuarekin. Auzoan kulturarteko sare bat sortzeko lehen urratsa izan zela azpimarratu dute: “Sare honen bitartez, auzoko elkarte desberdinak (formal eta informalak) kultur aniztasunaren gaiaren bueltan elkartzea, inklusioaren erronkarekin konprometitzea, eta beraien jardunean eta antolakuntzan kulturarteko ikuspegia txertatzea lortu nahi da”
Topaketan auzoko 32 elkartek, eragilek eta kolektibok parte hartu zuten, eta, bertan, gai honen inguruko hausnarketa egiteaz gain, Egia auzoko kulturartekotasunaren aldeko konpromisorantz pauso bat eman zuten. Kulturartekoatasunarekin hartu duten konpromisoa adierazteko, eragile eta elkarte guztien artean bideo bat grabatuko dela erabaki zen. Uztaileko lehen astean aurkeztuko da.
Hau Egia Da! egitasmoa Egian kulturarteko ikuspegia txertatzea du helburu eta honakoek osatzen dute: Tabakalera, SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Eskolara (Elkarrekin Kooperatiba), Donostiako Udala (Kultur Aniztasuna eta Partaidetza), Bagera (Donostiako Euskaltzaleen Elkartea), Egia Bizirik (auzo elkartea) eta Emaus Gizarte Fundazioa.