"Zuzenekoetan egoten ikasi beharko dut, eta hori, gutxika, kontzertuak emanez jorratu beharko dut"
Ttan Ttakun irratiko kidea, musikazalea eta binilozalea, DJ-a, eta, orain, kantautorea ere bada. Txondorra gunean emango du bere aurreneko kontzertua, bihar, 17:00etan.
Nolatan ausartu zara?
Betidanik musika izan da nire pasioa eta bizitzako atal garrantzitsuenetako bat, baina ez nuen uste sorkuntzarako gaitasuna izango nuenik. Halere, pasa den urtean, ia konturatu gabe kantu pare bat sortu nituen, eta emaitzarekin animatuta, bide horretatik jarraitu dut. Orain zortzi abesti propio ditut, ahotsa eta gitarra erabiliz soilik, eta euskarazko kantuak egiten ditut.
Noiz hasi zinen gitarra jotzen eta kantatzen?
19 urte izango nituen. Mozkorraldi baten ondorioz, istripu bat izan eta etxean astebete egon behar izan nuen. Orduan, gurasoek gitarra bat erosi zidaten. Nire kabuz ikasi nuen, eta urte batzuk eman nituen kalean besteen abestiak jo eta abesten. Gitarra hura lapurtu zidatenean, kalean kantari zebilen Rocio abeslariak berea eskaini zidan, berak berri bat erosi behar zuelako, eta horrekin nabil gaur egun. Jarduera duela bizpahiru urte berreskuratu nuen, eta esan bezala, azken urtean abesti propioak gehitu dizkiot nire errepertorioari.
DJ gisa aritu izan zara rock eta punk rock doinuak pintxatzen. Kantautore gisa, ordea, zein musika jorratzen duzu?
Ttan Ttakun irratian 20 urtetik gora daramat, besteak beste, musika irratsaio batekin. Bertan eta kanpoan ere DJ lantxoak egitea gustuko dut, aipatu dituzun musika estiloekin, batez ere. Baina gitarrarekin esango nuke beste estilo irekiagoak jorratzen ditudala. Ez dut neure burua musikari ontzat, eta egiten dudana, musikalki ez dago oso jorratua, eta ez daukat maila handirik zentzu horretan. Dena dela, nire musika askotarikoa izatea nahi dut, errepertorioa errepikakorra izan ez dadin. Horrela, kantu batzuek rock ukitua izan dezakete, eta beste batzuek runba eta jota kutsua, baladatxoak, kantautore edo kansautore gisako zerbait.
Nolakoa izango da emanaldia?
Esan bezala, lehenengo kontzertu honetarako zortzi kantu propio prest ditut dagoeneko. Musika eta hitzak nik eginak dira, eta, egia esan, harro nago neure buruarekin. Gustura gelditu naiz sortutakoarekin eta gehiago nahi dut. Agian entzuleek ez dute gustuko izango, baina niri egindakoak balio dit. Ordu erdi inguruko errepertorio propioa dudanez, lauzpabost bertsio egingo ditut; Mikel Laboa, Silvio Rodriguez, Sergio Makaroff, Natalia Lafourcade…
Kantu propioetako letrak zerri buruzkoak dira?
Nahiz eta oso desberdinak izan beraien artean, tristuratik eta dramatik alde egiten dut. Beraz, saiatzen naiz umore edo ironia ukituak ematen. Era berean, euskarazko hitz jokoak, natura, maitasuna, lagunak eta gauza positiboak presente izaten saiatzen naiz. Batzuetan nire islada bat izan daitezke, eta beste batzuetan asmatutako istoriotxo bat kontatzen dute.
Urduri zaude jendaurrean aritzeko?
Egia esan, ez. Arduratuta bai, esan bezala ez naiz musikari ona, eta akats asko eta oso handiak ez egitea espero dut. Horretarako entseatzen ari naiz, baina akatsak egotekotan, pentsatu nahi dut lagun artean egongo naizela eta ondo eramango dudala. Bestalde, zuzenekoetan egoten ikasi beharko dut, eta hori, gutxika, kontzertuak emanez jorratu beharko dut.
Txondorrako lehen kontzertua abiapuntu bat izan daiteke?
Bai, animatuta nago edozein tokitan aritzeko. Txondorran etxean bezala nagoenez, aukeratu dut lehenengo leku bezala, baina ondoren gora eta behera ibiltzeko gogoa daukat. Noski, ez dut diskorik oraingoz, ez eta bideorik, beraz ezagutzera eman beharko dut neure burua pixkanaka. Ez daukat presarik, hainbeste urte itxaron badut horrelako zerbait egiteko, orain ez naiz estutasunekin ibiliko.