40 eta 41 urte artekoak txertatzen ari dira
COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko erritmoa azkartzen ari da, eta dagoeneko 40 eta 41 urte bitarteko pertsonak ari da txertatzen Osakidetza. Ekainaren 7an ekin zioten 40 eta 49 urte arteko pertsonak txertatzeari, zaharrenetik gazteenera, eta bi aste pasa eta gero, adin taldeko pertsona gazteenei txertoa jartzen hasi dira.
Gainera, COVID-19ari kontrako txertoen dosi gehiago jaso ostean, txertaketa kanpainan beste pauso bat emateko erabakia hartu dute: 12 eta 39 urte bitartekoak txertatzea. Horrela, hiru adin talde berri sortu dituzte txertaketarako: 12-19 urte bitartekoak, 20-29 urte bitartekoak eta 30-39 urte bitartekoak. Zaharrenetik gazteenera txertatuko dute, orain arte egin duten moduan.
Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta.