Aingeru Gorrotxategik Lur Barnea proiektuaren lehen abestia aurkeztu du
Donostiako Aingeru Gorrotxategi musikariak Lur Barnea proiektua abiatu du. Rockaren indarra eta erritmoak euskal folkaren elementuekin nahastea du helburu, albokari garrantzia berezia emanez. Era berean, Euskal Herriko historia eta mitologia jorratuko ditu.
Gorrotxategi Alemanian bizi zela, 2004. eta 2008. urteen artean, behin Königstein herrian ospatzen zen Erdi Aroko jai batera joan zen, eta han garai hartako musika estiloa jotzen zuten taldeak ezagutu zituen. Esperientzia hartaz liluraturik, In Extremo, Schelmish, Subway to Sally, Omnia eta antzerako taldeak jarraitzen hasi zen. Rock eta folk musika uztartzearen ideia hori euskaraz egiteko asmoa buruan izan zuen ordutik, eta 2015ean abestiak konposatzen hasi zen. Azkenik, ordea, 2021ean abiatu du Lur Barnea proiektua. Horretarako, Poloniako Poznan hiriko musika jaialdi batean ezagutu zuen Eneko Benito (Garilak 26) albokariarekin elkartu da abentura berri honetan.
Aurrerapen gisa, Azken esperantzaren guda (Noain 1521-2021) abestiaren bideoklipa estreinatu du. Martintxo Altzueta marrazkilariaren ilustrazioetan oinarrituta dago. Hilaren 10ean estreinatu zuen kantua, eta hilero abesti berri bat argitaratzeko asmoa du Gorrotxategik.