Aldaketak egingo dituzte hiriko abiadura mugatzeko araudian
Hilabete inguru pasa da Donostia "30 hiria" izatera pasa zenetik, hau da, hiriko bide gehienetan orduko 10 eta 30 kilometro bitarteko abiadura muga ezarri zutenetik. Ordea, oraindik ez dira isunak jartzen hasi, eta aldaketak egingo dituzte bide batzuetan.
Bideen abiadura mugatuz hirietan gertatzen diren ezbeharren kopurua murrizteko helburuarekin, hirietan ibilgailuen abiadura maximoa orduko 30 kilometrora mugatzeko Errege Dekretua bultzatu zuen iazko azaroan Espainiako Trafiko Zuzendaritzak. Donostiako Udalak dekretu horren arauak bete zituen maiatzaren 11n, Donostia «30 hiria» bihurtuz. Horrela, hiriko bide gehienetan abiadura muga orduko 10 eta 30 kilometro bitartekoa da ordutik.
Hala ere, ez dira muga hori gainditzeagatik isunak jartzen, oraindik ez dituztelako seinale guztiak jarri. “Azkar ari dira lanean. Seinale solteren bat falta da, baina ez dago ardatz nagusirik seinalerik gabe. Hiriaren sarrera nagusietan bakarrik jartzen dira halakoak, eta barruan salbuespenak adierazten dira”. Udalaren aurreikuspenen arabera, astebete edo bi aste barru egongo dira seinale guztiak jarrita, eta orduan hasiko dira isunak jartzen. Abidura mugan aldaketarik jasan ez duten bideetan, ordea, ohiko kontrolak egiten eta isunak jartzen jarraituko dute, baita radarrak jartzen ere.
Aldaketak araudian
Abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztu izanak eragina izan du ekialdeko auzoetatik pasatzen diren ibilbide luzeko Dbusen linea batzuetan, mantsoago joan behar direnez, ordutegiak betetzeko arazoak izaten ari baitira.
Horregatik, udalak zenbait aldaketa egingo ditu araudian –oraindik ez dira indarrean sartu–, autobusentzako eragozpenak saihesteko helburuarekin: “Udalak eraginak aztertzen jarraitzen du. Hasieratik adierazi zen zerbitzua babesteko egokitzapenak egingo zirela eta horretan ari dira. Horregatik ari dira aldaketak aztertzen eta egiten”, azaldu dute udaleko iturriek.
Herreran, esaterako, abidura muga orduko 30 kilometrotik 40ra igoko dute Euskotrenen geltokitik Renferen geltokiraino, eta gauza bera egingo dute Txingurri pasealekuan. Peruene kaleko abiadura maximoa ere orduko 40 kilometrokoa izango da, Txingurrirekin lotzen den gunean.
Altzako Casares pasealekuan, aspalditik zegoen ezarrita orduko 30 kilometroko abidura muga, baina araua ez zenez betetzen, orduko 40 kilometrora joan daiteke orain, nahiz eta bihurguneetan abiadura muga ez den 30 kilometroetatik igoko.
Aldaketa gehienak Intxaurrondon egingo dituzte. Mons pasealekuan eta Fernando Sasiain kalean esaterako, ez dute “30 hiria”-ren araudia aplikatuko, eta abiadura maximoa orduko 50 kilometrokoa izango da, orain arte izan den moduan. Gauza bera egingo dute Sibilia pasealekuan, eta abiadura maximoa orduko 50 kilometrotan mantenduko dute, baina etorkizunean 40ra jaistea aurreikusten dute, aparkalekuak jartzen dituztenean. Era berean, Garbera zeharbidean orduko 40 kilometrora ibili daiteke orain, baina abiadura muga 50era igoko dute.
Bestalde, aldaketak egingo dituzte ikastetxeen inguruetan ere. Hain zuzen, errepideetatik gertu dauden ikastetxeen inguruan –Ategorrietako Jesuitetan eta Jose Elosegiko La Asuncionen, esaterako– ibilgailuek ezin dute orduko 30 kilometrora baino gehiago zirkulatu, baina udan muga hori kenduko dutela adierazi du udalak. Era berean, epe luzera ikastetxeen inguruan seinale digitalak jartzea aurreikusten dute, abiadura muga automatikoki aldatzeko.