Añorga Txikiko hirigintza eremuan 248 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du udalak
Otsailean onartu zuten Añorgako Geltokia izeneko plan berezia. Euskotrenen geltokitik Amassorrain ikastolara bitarteko lursailean dauden eraikinak eraitsiko dituzte; tartean, Firestone-Iframe lantegi berreskuratua.
Donostiako Udalak 2010eko ekainaren 25ean onartu zuen indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO). AÑ. 03 Añorga Txiki hirigintza eremua aurreikusten du plan horrek, eta baita ere AÑ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremua ere. 2006 eta 2009 urteen artean landu zuten Añorga Txikiko hirigintza proiektua, eta, esan bezala, 2010ean onartu zuten Plan Orokorrarekin batera. Horri esker, Añorgako Geltokia azpieremuko plan berezia sustatu du udalak promotore pribatuekin batera.
Iazko maiatzean aurkeztu zuen hirigintza proiektua Gailur Residencial S.L. eraikuntza enpresak. Aldiz, udalak pasa den otsailaren 16an eman zion hasierako onarpena. Une honetan, alegazioen fasea egiten ari dira, eta udalak horiei erantzutean onartuko du behin betiko hirigintza proiektua. Hori urtearen bukaera aldean izango dela aurreikusten dute. Horrela, udalak ez du uste lanekin aurten hasiko direnik.
Añorgako Geltokia azpieremua Añorga Txiki hirigintza esparruaren barruan dago, hara sartzeko bidearen eta Euskotrenen trenbidearen artean, ekialdetik muga egiten duena, zati batean trenbidea integratuz. Gaur egun, Amassorrain Ikastola, erabilera partzialeko bi industria eraikin, etxebizitza kolektiboko eraikin txiki bat eta familia bakarreko bi etxe eta merkataritza jarduerarako instalazio batzuk daude. Helburua da, eraikin horiek denak eraistea eta aipaturiko eremua birsortzea.
Plan bereziaren xehetasunak
Azpieremuak 39.183 metro karratuko azalera du. Horietatik 25.000 metro karratu inguru etxebizitzetara bideratuko dituzte, eta etxebizitzen %40 Babes Ofizialekoak izango dira. Zehazki, 248 etxebizitza eraikiko dituzte; 156 libreak eta 92 sozialak –46 babes ofizialekoak eta 46 tasatuak–. Bestalde, 2.500 metro karratuk hirugarren sektoreko erabilera izango dute, eta 760 metro karratu ekipamenduetarako izango dira.
Etxebizitza berriekin gunearen eraikigarritasuna 1.275 metro karratu handituko da, ikastola handitu ahalko da –4.000 metro karratu gehiagorekin–, tren geltokia auzoan integratuko dute, 2.800 metro karratuko plaza publiko bat eraikiko dute, eta Añorgako erreka aire zabalera irekiko dute 227 zuhaitz landatzearekin batera.