Añorgako bidegorriaren birgaitzeko lanak egiteko eskatuko du Elkarrekin Donostiak
Lau hilabete igaro dira Añorgako bidegorriaren zati bat itxi zutenetik. Pedro Jose kalean izandako lurren mugimendu batek luizi txiki bat eragin zuen, eta bidegorri ondora harri pusketak erori ziren. Hori dela eta, eremu horretan hormigoizko hesiak jarri dituzte, luizi gehiago sortzeko arriskua dagoelako.
Gipuzkoako Aldundia eremua egonkortzeko lanak egiten ari da. Zehazki, zundaketak egiten denbora daramate, eta emaitzen arabera erabakiko dute egin beharrekoa. Aldundiko iturrien arabera, momentuz ezin da zehaztu lanak noiz bukatuko dituzten. Ondorioz, Añorgako bidegorri zatiak itxita jarraituko du.
Hala ere, Elkarrekin Donostiak Añorgako bidegorria berriro irekitzea defendatuko du datorren ostegunean udaletxean egingo duten Osoko Bilkuran. Zehazki, Elkarrekin Donostiak mozio arrunta eramango du datorren asteko Osoko Bilkurara, Gipuzkoako Foru Aldundiari Añorgako bidegorriaren birgaitzeko lanak egiteko eskatzeko. Aitzole Araneta koalizioaren bozeramaileak adierazi duenez, “zoritxarrez, herritarrek tarte hori erabiltzen jarraitzen dute, nahiz eta egoera txarrean dagoen eta segurtasun falta suposatzen duen”.