"Auzotik auzoarentzat sortu dugu Abixi"
Abixi aisialdi taldea sortu dute zenbait gaztek, Amara Berriko haurrei beste aisialdi alternatibo bat eskaintzeko: doakoa, herrikoia, partehartzailea, eta euskalduna. Ainhoa Aldazuri eta Oihana Hermoso begiraleek nabarmendu dute aniztasuna, parekidetasuna, eta hezkidetza sustatuko dituztela. Ekainaren 24an egingo dute lehen jarduera: sorginekin loturiko ginkana bat. Parte hartzeko izena eman behar da, eta begirale bila ere badabiltza.
Zergatik erabaki duzue Amara Berriko aisialdi taldea sortzea?
Ainhoa Aldazuri (A.A.): Amara Berriko umeei beste aisialdi eredu bat emateko ideia aspalditik genuen buruan auzoko gazteek. COVID-19aren ondoriozko egoerak denoi kalte egin digu, eta egoera oso aproposa iruditu zitzaigun proiektu hau aurrera eraman ahal izateko. Amara Berriko jai batzordeko kide batzuk hasi ginen ideiari forma ematen, eta egituratzen: estatutu batzuk sortu ditugu, elkartea sortu dugu… Hasieran geure arteko barne-lanketa bat izan zen, ikusteko zein ereduren baitan sortu nahi genuen aisialdia auzoan. Ondoren, aztertu dugu teoria hori nola jarri dezakegun praktikan.
Oihana Hermoso (O.H.): Amara Berrin aisialdi talde alternatibo baten behar handia zegoela ikusi genuen. Gu hemengoak gara, eta ez dugu auzoan bizitza handirik egin, kanpora joan gara. Horregatik, beharra zegoela ikusi eta taldea sortzeko pausoa eman genuen.
A.A.: Alde batetik, aisialdi eredu bat ematen diezu umeei, umeei begira dagoen espazio bat. Bestetik, begirale taldearen parte izango diren gazteek auzoan parte hartzeko eta egoteko espazio bat sortzen duzu. Amara Berri lo egiteko auzo bat da, eta horri bueltak eman dizkiogu. Amara Berriko jaietan urtero antolatzen dira haurrentzako jolasak, eta jendeak oso gustura parte hartzen du, bai umeek, bai begiraleek. Orduan, oso ideia aproposa iruditu zitzaigun.
O.H.: Jarraipen bat emateko urtean zehar, ez dadin soilik jaietan izan. Bestalde, auzoan badaude beste aisialdi talde batzuk, baina ordaindu egin behar da. Beste aisialdi talde bat eskaini nahi dugu: doakoa, eta haur guztiengana iristen dena.
Aisialdi eredu alternatiboa, nolakoa?
A.A.: Auzotik auzoarentzat sortutako espazio bat izatea nahi dugu. Ez dugu izan nahi Gaztelekuaren antzerako leku itxi bat, ordutegi finko batekin. Hasiera batean gure formatua nahiko mugatua izango da, baina nik uste dut azkenean prozesuaren parte dela. Auzo batean ekintza batzuk egiten hasten zarenean, ikusi behar duzu zein den jasotzen duzun erantzuna. Umeak datoz? Bai. Ez datoz? Zer egin dezakegu hobetzeko? Orduan, nik uste dut lehenengo urte honetan fase horretan egongo garela. Printzipioz, auzotik auzoarentzat sortutako aisialdi talde bat da, herrikoia, partehartzailea, eta euskalduna, batez ere. Ikusi dugu eskoletan eta espazio pribatu batzuetan landu egiten dela euskara, baina aisialdian behar hori ikusi dugu. Parkean umeak entzuten badituzu, denbora guztian erdaraz ari dira.
O.H.: Euskaraz egiteko testuinguru bat sortu nahi dugu. Askotariko giza balioak ere sustatu nahi ditugu: aniztasuna, parekidetasuna, hezkidetza… Horretan oinarrituko da aisialdi taldea.
Noiz egingo duzue lehen jarduera?
O.H.: Ekainaren 24ean egingo dugu lehen jarduera haurrekin. Uztailean ere beste jarduera bat egingo dugu eta ikasturtean zehar ere jarduera ezberdinak burutuko ditugu.
A.A.: Hasiera batean hilabetean behin egingo dugu, ikusteko auzoaren erantzuna zein den. Gainera, oraindik ez daukagu begirale talde egonkor bat, eta moldatzen joan nahi dugu testuinguruaren arabera. COVID-19aren ondorioz, osasun neurriek zehaztutako protokoloak jarraituko ditugu, eta horregatik, begirale gehiago behar ditugu. Jarduera bat hogei umerekin egiteko, bi edo hiru begirale nahikoa izaten dira, baina COVID-19arekin talde txikiak osatu behar dira.
O.H.: Horregatik, begirale gehiago behar ditugu.
A.A.: Oraintxe bertan dugun begirale taldea da gure inguruko jendea, eta horrela egingo dugu lehen ekintza. Hala ere, guztiz irekita gaude edonork parte hartu nahi badu begirale bezala. Edonork begirale izan nahiko balu Instagrameko @abixiaisialditaldea kontura edota abixialdi@gmail.com helbide elektronikora idatz diezaguke. 630-31 21 05 telefono zenbakira ere deitu edo idatzi dezakete.
Abixi da Amara Berriko aisialdi taldearen izena?
A.A.: Bai! Hitz joko bat da. Amara Berriko ekintza guztiek beti eramaten dute AB hasieran, auzotasun izaera emateko. Amara Berrin Bizi-tik dator hitz jokoa. Ez genuen izen oso zurrunik jarri nahi: bixitasunarekin lotura daukan izen bat izan nahi genuen.
Haurrek izena eman nahiko balute zuen jardueretan, nola eman beharko lukete izena?
O.H.: Amara Berri eta Katalin Erauso ikastetxeetara ohar bat bidali dugu, eskolaren bitartez gurasoei helarazteko. Printzipioz, izena eman beharko dute abixialdi@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 630-31 21 05 telefono zenbakira deituz edo idatziz. COVID-19aren ondorioz, pentsatu dugu hoberena dela aldez aurretik izena ematea.
A.A.: Izena eman gabe ere azalduko da haurren bat, baina bere datuak hartuko ditugu, eta listo. Gehienbat erregistro bat izateko da, edozer gauza gertatuz gero jendeari deitu ahal izateko.
Ekainaren 24ko jardueran zer egingo duzue?
O.H.: Amara Berrin sanjoanak ospatzen direla aprobetxatuz, ginkana moduko bat egingo dugu sorginen inguruko istorio batekin. Zorroagan egingo dugu.