"Espero dugu ahalik eta lasterren Altzan entrenatzen hastea"
Waterpolo Donostia taldea Bigarren Mailako igoera fasera iritsi da aurtengo denboraldian, bere historian lehen aldiz, baina ez du igotzea lortu. Kluba 2009. urtean sortu zutenetik denboraldi onena izan da, eta proiektua egonkortzen jarraitu nahi dute. Azken denboraldiaren eta klubaren historiaren inguruan hitz egin dugu Ander Iñarra (Donostia, 2000) jokalariarekin eta Iñaki de Santos (Donostia, 1970) klubeko presidentearekin.
Nola joan da denboraldi hau?
Iñaki de Santos (I.S.): Senior mailan, kluba sortu zenetik denboraldi onena izan da, dudarik gabe. Egia da itxaropen handiak genituela, Euskal Herriko ligan batez ere. Lehen itzulian lehenengo postuan geratu ginen, eta horrek bigarren mailara igotzeko sailkapen faserako txartela eman zigun; fase honetara sailkatu garen lehen aldia izan da.
Kimu eta haur mailetan ez dugu partidarik jokatu, aldundiak txapelketa debekatu zuelako, osasun larrialdiagatik. Hau dela eta, entrenamenduak egin dituzte soilik. Kadete mailakoak berandu hasi ziren eta sailkapenaren erdian geratu gara. Senior mailako beste bi talde ditugu, eta hauek Euskal Herriko bigarren mailan daude, sailkapenaren erdian.
Ander Iñarra (A.I.): Jokalari gisa, oso denboraldi arraroa izan da. Itxialdiak asko aldatu zigun entrenatzeko era, eta lehenengo partidetan sentipen arraroak izan nituen, taldea ez zegoelako guztiz ondo landua. Bestalde, aurten Fortuna Kirol Elkartearekin bat egin dugunez, jokalari gehiago egon gara, eta denboraldi ona egiteko itxaropena genuen, baina egin dugunak espero genuena gainditu duela uste dut.
Jokalari berri asko egoteak titulartasuna jokoan jartzea eragin du, eta uste dut denok hobera egin dugula horri esker.
Azkenaldian asko bultzatzen ari gara senior eta infantil mailako jendea elkar ezagutzea, elkarrekin entrenatuz, eta gazteenak asko motibatu dira eta jarraitzeko gogo handiak dituzte.
Zer dela eta egin duzue bat Fortunarekin?
I.S.: Fusioa ere ezin zaio deitu, ez delako taldeen artean akordiorik edo adostasunik egon. Fortunako jokalari guztiak gurera etorri dira, kirol elkarte honen waterpolo sekzioak hondoa jo zuelako. Hau dela eta, gure klubean jende kopurua ia bikoiztu egin da, eta horri esker kategoria guztietan mailak gora egin du, senior mailan batez ere.
Igoera fasea nola joan zen?
I.S.: Aurten lehenengoz jokatu dugu fase hau. Badakigu Euskal Herritik kanpo dagoen maila askoz altuagoa dela, baina hala eta guztiz ere faseko lehen bi partidak irabazi egin genituen, eta hirugarrenean lehen geratu den taldearen aurka galdu genuen. Partida onak jokatzeko itxaropenarekin egin genion aurre fase honi, baina ez genuen uste hain ondo ibiliko ginenik.
Bi garaipen horiekin pozik gaude, baina jokatzeko moduak harritu gaitu batez ere, ez baikara inor baino gutxiago izan. Oso esperientzia positiboa izan da; izan ere, taldearen helburua haztea bigarren mailara igotzen saiatzea da, eta erakutsi dugu hor gaudela.
A.I.: Gure kasuan, uste dut Euskal Herrian waterpolo mota batera ohituta gaudela, eta nazioarteko maila ikustea eta esperientzia hau izatea oso garrantzitsua izan da onenen mailatik gertu gaudela ikusteko.
Bestalde, klubarentzat esperientzia eta historia da aurten egin duguna, eta hurrengo denboraldirako helburu bat izan daiteke bigarren mailara igotzea.
Non entrenatzen duzue?
I.S.: Gu Altzako taldea gara eta bertan entrenatzen genuen, baina Paco Yoldira eta Intxaurrondoko kiroldegira joan behar izan genuen, lanak direla eta. Intxaurrondon igeriketa entrenatzen dugu, eta Paco Yoldin waterpoloa, gure kirola egin daitekeen Donostiako igerileku bakarra baita. Hala ere, Paco Yoldin ez ditugu ordutegi egokiak gazteenentzat.
Espero dugu ahalik eta lasterren Altzan berriro entrenatzen hastea, ordutegi hobeekin jende gehiago izateko.
Gogoratzeko urtea izan da?
A.I.: Koronabirusak baldintzatutako urtea izan da, eta moldatu behar izan gara, online moduan entrenatuz edo hainbat jarduera bakoitzak bere kabuz eginaz/eginez, esaterako. Hala ere, oso urte interesgarria izan dela uste dut. Nik, pertsonalki, ahaztutako sentipen batzuk berreskuratu ditut, jokalari gehiago egoteak maila altuago batean entrenatzea behartu gaituelako.
I.S.: Jakina, zentzu guztietan. Lehenik eta behin, koronabirusagatik; joan den denboraldia eta aurtengoa amaitzea zorakeria bat izan da: protokoloak, ez jakitea jokatuko dugun edo ez… Ezjakintasun handiarekin hasi genuen liga, edozein momentutan bertan behera geratu zitekeelako. Gure kasuan, koronabirus kasu bakarra izan dugu, eta behin bakarrik konfinatu behar izan dugu. Ligan, bestalde, kutsatze oso gutxi egon dira, eta horrek liga normaltasun erlatibo batez jokatzea eragin du.
Azken urteetan hobera egin duzue. Nola lortu duzue?
I.S.: Klubak 11 urte ditu bakarrik, 2009. urtean sortu baikenuen. Hasieran benjamin mailan hasi ginen, eta gutxinaka hazten joan gara. Hainbat entrenatzaile izan ditugu, eta bakoitzak aspektu ezberdin batean hobetzen lagundu digu.
Zu kluba sortu zenetik zaude taldean, Ander?
A.I.: Bai, lehen egunetik egon naiz hemen.
Eta nola bizi duzu benjamin mailatik senior mailara iristea?
A.I.: Oroitzen dut hasieran senior mailako jokalariak ikusten nituenean oso handiak zirela eta oso maila ona zutela pentsatzen nuela, eta gutxinaka haien mailara gerturatu izanak asko pozten nau.
Nola egiten da aurrera horrelako proiektu batekin?
I.S.: Ilusio eta lan askorekin. Hala ere, nahiz eta zuzendaritzako kideok gogo edo ilusio asko izan, errealitatean jokalariak dira entrenatzeko eta lehiatzeko gogoak izan behar dituztenak. Guk egin dezakegun bakarra da haiei ahalik eta gauza gehien erraztea eta laguntzea.
Gure politika ez da jokalari hobeak fitxatzea emaitzak hobetzeko, betidanik eduki dugun jendearekin ahalik eta maila gorenera iristea baizik. Hau dela eta, oinarriko kategorietan lan egitea oso garrantzitsua da.
Talde gaztea duzue?
A.I.: Aurten taldera etorri diren jokalari berriekin ez hainbeste, baina duela bi urte inguru gure taldeko bataz besteko adina 18 urtetik behera zegoen, ligako bataz bestekoa 25 urtetik gora zegoenean. Hala ere, denok dugu borrokatzeko gogoa, baita erortzen garen une bakoitzean altxatzeko grina ere.
Zeintzuk dira datozen urteetan dituzuen helburuak?
I.S.: Lehen taldearekiko, uste dut datorren denboraldian liga irabazi behar dugula. Aurten, azken partidaren faltan, bigarren edo hirugarren geratuko gara. Liga irabazteaz gain, bigarren mailara igotzeko ditugun aukerak aprobetxatu behar ditugula uste dut. Beste kategorietan, oinarri zabalagoa izan nahi dugu. Hala ere, klubaren lehentasun nagusia nesken taldea sortzea da.
Ez duzue lortu nesken taldea sortzea?
I.S.: Urte batzuk daramatzagu nesken taldea sortu nahian, baina ez dugu lortzen. Neskak baditugu taldean, eta haur eta kadete mailan talde mistoetan jokatzen dute. Nesken sekzioa sortu nahi dugu, baina oso zaila da. Aurten Hernaniko Waterpolo Taldearekin batera nesken gazte mailako taldea atera dugu, baina osorik gure talde bat izatea nahi dugu.