Etxebizitzak bai, baina ez edozein preziotan
Añorga Txikin 248 etxebizitza eraikitzeko plan berezia onartu du Donostiako Udalak. Auzoko hainbat elkartek bat egin dute udalari proiektua alda dezan eskatzeko. Añorga Txikiko izaera eta bizitza kaltetuko dituela uste dute. Izan ere, auzoak 600 biztanle inguru gehiago izango ditu. Elkarteen iritziz, eremua birsortzea beharrezkoa da, baina azpimarratu dute etxebizitzak egin aurretik garrantzitsuagoa dela azpiegitura publikoak eraikitzea.
Auzoaren etorkizuna baldintzatu dezakeen hirigintza proiektuan parte hartu nahi dute auzotarrek. Beraien iritzia aintzat hartzeko eskatu diote Donostiako Udalari, behin eta berriz, baina «borondate faltarekin» egin dute topo. Añorga Txikin 248 etxebizitza eraikitzeko plan berezia aurrera eramango du udal gobernuak.
Otsailean eman zioten hasierako onarpena Añorgako Geltokia azpieremuko plan bereziari, eta martxoan elkartu ziren Añorgatxikitarrak auzo elkartearekin, auzoan bertan. Eneko Goia alkatea, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia eta Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotzia Añorga Txikin izan ziren. Auzotarrek bisita eskertu zuten, eta plan berezian parte hartu nahi zutela esan zieten. Udaleko ordezkariek aukera hori baztertu, eta alegazioak aurkezteko esan zieten. Horiek aztertu eta erantzuteko konpromisoa hartu zuten. Auzo elkarteak alegazio sorta bat aurkeztu zuen, agerian utziz hirigintza proiektu horrekiko duten desadostasuna. Orain, erantzunaren zain daude.
Auzotarren iritzia jasotzeko eta etxebizitzen proiektuaz hitz egiteko, Añorgako elkarte batzuetako ordezkariekin elkartu da IRUTXULOKO HITZA. Hala nola, Añorgatxikitarrak auzo elkartea, Amassorrain ikastolako Gorgain guraso elkartea, Añorgako kirol eta kultur elkartea, Gorga Historia Mintegia eta Belartza 2 Gelditu plataforma. Azpieremua birsortzearen alde daude, eta argi dute beharrezkoa dela etxebizitzak egitea. Dena dela, udalak sustatu duen hirigintza proiektuarekin ez daude konforme. Arrazoi asko dituzte horretarako, eta udalak horiei etengabe entzungor egiten diela azpimarratu dute.
«Auzoaren zati handi batek nahi du eremu hau birsortu, baina ez daude ados udalaren asmoarekin. Aspalditik dakigu lursail honetan dentsitate baxuko etxebizitzak egingo zituztela. Ordea, proiektuak zortzi solairuko etxebizitzak aurreikusten ditu, eta horrek parean bizi diren bizilagunak kaltetuko ditu», azaldu du Silvia Osesek, auzo elkarteko kideak. «Ez gaude proiektu honen kontra, baina ez dago ondo dimentsionatua. Plan bereziak zati handiegia hartzen du auzoak duen espaziorako. Diseinatzerakoan ez dituzte auzoaren eta auzotarren beharrak aintzat hartu. Noski, ezta iritzia ere», gaineratu du auzo elkarteko Itziar Etxeberriak.
Legez egingarria da, azpieremuan aurreikusitako 248 etxebizitzak sartzen direlako. «Ez dute kontuan hartu auzoa almendra baten itxurakoa dela. Sarbide bakarra izan arren, itxita dago. Alde batetik mendia dugu, eta, bestetik, errepidea. Horren toki txikian bizitza egitea ez da erraza. Etxebizitza horiek egiten badituzte, ezingo dituzte beste azpiegitura batzuk egin, eta horien beharra dugu», dio Osesek.
Gaur egun 500 etxebizitza inguru daude Añorga Txikin, eta beste 250 inguru egingo dituzte. «Azpieremuaren planoa ikusita, argi dago etxeak eraikitzeko lursaila ez dela auzoaren erdia. Proiektuak dio berdegune batzuk egin behar dituztela eraikiko den metro karratu bakoitzeko. Errepide ondoko lursail eta belardi maldatsuak dira zona berde horiek beraientzat», adierazi du Etxeberriak. Hain zuzen ere, berdegunez inguratuta dago Añorga Txiki, baina berdegune horiek ez dira erabilgarriak Etxeberriaren ustez: «Ez dugu parkerik ezta paseatzeko tokirik ere. Oso espazio gutxi ditugu elkartzeko. Soilik haur parke bat eta eraikitzea aurreikusten duten plaza publiko bat izango ditugu auzoan».
Biztanleria heren bat haziko da
Añorga Txikiko populazioa %28 haztea aurreikusten du plan bereziak. 248 etxebizitza eraikita, 600 biztanle inguru gehiago izango ditu auzoak. Horren inguruan kezkatuta dago Jon Aristizabal, Amassorrain ikastolako Gorgain guraso elkarteko kidea: «Hemen zulo batean bizi gara; pentsa biztanle kopurua heren bat handitzen bada. Zirkulazio aldetik sekulako arazoak izango genituzke, sarbidean ez dituztelako aldaketak aurreikusi. Aparkaleku faltaren arazoa ere areagotuko luke. 27 plazako aparkaleku bat egingo dute, baina 100 plaza inguru galduko dira auzoan. Ikastolari dagokionez, goraino betetzea ekarriko du, eta eskakizun guztiei aurre ezin egitea».
Etxebizitzak egitearen alde dago Beñat Ijurko Añorgako kirol eta kultur elkarteko kidea. Dena dela, udalak sustatu duen plan bereziak ez du auzoko etxebizitzaren arazoa konponduko. «Argi daukagu etxebizitzak behar ditugula, baina ez egin nahi dituztenak. Gazteak auzotik joaten ari dira, eta beraientzako etxeak behar ditugu. Egin nahi dutena basakeria bat iruditzen zait», esan du Ijurkok. Etxebizitzak eraiki aurretik azpiegitura publikoak egin behar direla uste du. «Añorga Txikin ez dugu azpiegiturarik. Ez dugu kultur etxe, kiroldegi eta osasun zentro publikorik. Jende gehiago bizitzera etorri aurretik, azpiegitura publikoek lehentasuna izan beharko lukete».
Azpiegitura publikorik ez dago
Añorga Txikin kirol instalazio bakarra dago; frontoi txiki eta pribatu bat. Añorgan, berriz, futbol zelaia, frontoi handi bat, bolatokia eta zinema zaharra duen kultur etxea. Horiek denak ere pribatuak dira –Rezola enpresarenak–. «Auzoko kirol eta kultur jarduera guztiak borondatezko auzotarrok betetzen ditugu gure elkarteen bidez. Hori, berez, udalaren lana beharko luke izan. Batez ere, ekipamenduak jartzea. Ordea, dena pribatua izatearen aitzakiarekin hor daude, eta udalak ez du ezer egin nahi», salatu du Ijurkok.
Auzoan 40 urte inguru darama bizitzen Iñasio Eizagirrek, eta «harrigarria» iruditzen zaio Añorga Txikik oraindik ere azpiegitura publikorik ez izatea. «Udalak betidanik esan du ezin duela dirurik sartu instalazio pribatuetan. Bada, egin ditzala publikoak. Izan ere, frontoiak, futbol zelaia eta kultur etxea ditugu, baina ez dira publikoak. Rezola enpresarenak dira, eta tarteka saiatu izan dira horiek botatzen edo gainetik kentzen. Gorgaren egoitza kultur etxean daukagu, eta eraistea pentsatu zutenean aurre egin genien. Hemen inbertsio pixka bat sartu behar da, baina betiko joko zahar eta aspergarriarekin jarraitzen dugu».
Hirigintza proiektu bat egiterakoan, lekuaren beharrei erreparatu behar zaiela dio Eli Azpillagak, Belartza 2 Gelditu plataformako kideak. «Añorga Txikin etxebizitza asko egiteak ez du zentzurik oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu publikoak ez dituelako. Donostiako auzo ahaztuenetariko bat da. Hemen zergak hiriko beste leku batzuetan bezala ordaintzen dira, baina hirugarren mailako auzoa da udalarentzat», kritikatu du Azpillagak.
Sarbide bakarra
Añorga Txikiren bilakaera ondo ezagutzen du Eizagirrek, eta «ulertezina» iruditzen zaio auzoak oraindik sarbide bakarra izatea. «Gaur egungo Añorga hiribidea N-1 errepidea izan zen. Hemendik pasatzen ziren ibilgailu guztiak, kamioiak eta autoak, auzoaren erditik. 1967an errepidea kendu eta saihesbidea egin zuten auzoaren kanpoaldean. Ondorioz, auzoa itxi egin zuten. Barruan geratu zen tarte horretan etxebizitzak egin ziren bi altueratan. Añorga hiribidekoak azpian, eta Añorga Txiki kalekoak goian. Biak ala biak irteerarik gabe. Errepide nagusitik sartu eta irten behar da, eta denak ikastolaren aurretik pasatzen gara. Hori ezinezkoa da, eta aspalditik konponduta egon behar zuen», azaldu du Eizagirrek. Hori bai, irtenbidea zein den argi dauka: «Irteera natural batek hobetuko luke hau dena. Añorga hiribidetik Antiguarako noranzkoan dagoen betelana kendu beharko litzateke. Hiribidearen bukaerako biribilgunean dago bidegorriaren sarrera, eta errepidea hortik ireki beharko litzateke».
Albo kalteak
Añorgako Geltokia azpieremuko plan bereziak bestelako albo kalteak ere baditu. Firestone-Iframe lantoki berreskuratuaren egoera da horietako bat. Etxebizitzak egiteko eraitsiko dute, eta une honetan jendea bizi da han. Eraikinaren jabeak husteko asmoa du, eta bi aldiz husten saiatu da. Otsailean eta martxoan husteko agindu bana eman zuen, baina biak atzeratu zituen. Lantokiari beste erabilera bat eman dioten pertsonak azken aginduaren zain daude, eta nabarmendu dute gunea babesteko mobilizatzera deituko dutela.
Añorga Txikiko errealitate soziolinguistikoari loturikoa da beste albo kalte bat. Hain zuzen, maiatzaren 21ean Añorgako bizilagun ugari Amassorrain ikastetxeko jolastokian elkartu ziren, Añorgan euskaraz bizi nahi dugu! lelopean. Ikastolako Gorgain guraso elkarteak salatu zuen «hizkuntza inpaktu esanguratsu eta larria» izango duela auzoan. Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, otsailean argitaratu zuen plan bereziaren Irismen Dokumentua, baina Donostia osoko euskararen erabileraren datuak hartu zituen aintzat. Horrela, dokumentu horrek zehazten du ez dela beharrezkoa Hizkuntza Inpaktuaren Azterketa egitea. Ordea, Añorgako euskararen ezagutza Donostia osokoa baino nabarmen handiagoa da.
Asteleheneko udal batzordean Añorga Txikiko hirigintza proiektuaz eta hango errealitate soziolinguistikoaz aritu zen Jon Txabarri Hirigintza zuzendaria. EH Bilduren interpelazio bati erantzunez, Txabarrik adierazi zuen udalak Euskara Zerbitzuaren Irismen Dokumentuari eusten diola, eta ez dutela azterketa zehatzagorik egingo. Aldiz, adierazi zuen plan bereziak «inpaktu positiboa» izango duela azpieremu bat birsortuko duelako.
Konpromisoak
Añorgatxikitarrak auzo elkarteak egindako eskaera guztietatik bakarra betetzeko konpromisoa hartu du udalak. Zehazki, mugikortasun azterketa bat. Plana onartu baino lehen egingo zutela hitzeman zieten, baina ez zuten egin. Martxoan udaleko ordezkariekin egindako bileran berriz eskatu zieten, eta alegazioak erantzutearekin batera, udalak egingo duen gauza bakarra da.
Aurrera begira, auzo elkarteak itxaropena du hirigintza plana aldatzeko. Iraganean beste proiektu batzuk eten bazituzten, honekin ere gauza berea egiteko konpromisoari eusten diote.