Jaiak bere horretan ospatu ezinik ere, egitarau zabala prestatu dute Herreran
Herrerakoek 2022ra arte itxaron beharko dute gutxienez San Luis jaiak behar bezala ospatzeko, baina aurten ez dira etxean geldituko, jardueraz beteriko asteburua baitute aurretik.
Konfinamendutik atera berritan heldu ziren iaz Herrerako San Luis jaiak ospatzeko egunak, baina egoera zela eta, ezin izan zuten jarduera berezirik antolatu, eta jaiak balkoietatik bizi behar izan zituzten Herrerakoek. Urtebete pasa da, eta pandemiaren bilakaerak gurean hobera egin badu ere, oraindik ez da posible jaiak koronabirusa heldu aurretik ospatzen ziren moduan ospatzea. Hala ere, Herrerakoek asteburu osoko egitaraua prestatu dute, “auzoa bizi mantentzeko eta giro pixka bat sortzeko” jai batzordeko Aritz Mujikaren arabera.
Udalarekin eta Donostiako Festakekin adostuta argitaratu dute egitaraua, eta Luisito eta Luisita pertsonaiek bideo batean nabarmendu dute koronabirusaren kutsatzea eta jende pilaketak saihesteko segurtasun neurri guztiak hartuko dituztela. Era berean, auzotarrak egitarauko jardueretan parte hartzera animatu dituzte.
Askotariko jarduerak, ostiraletik igandera
Gaur ekingo diote egoerara egokitutako San Luis jaiak ospatzeari, 19:00etan botako duten txupinazoarekin. Zuziriaren eztanda entzun bezain laster, Herrerako bizilagunek “paseo elegantea” egingo dute auzoko tabernetatik.
Gaurkoa, ordea, biharko jardueretarako prestatzeko beroketa baino ez da izango. Hain zuzen, bihar goiz esnatuko dira Herrerakoak, Donostiako Udalaren Txistulari Bandak diana joko baitu auzoko kaleetatik, 08:30ean hasita. Txistu doinuen artean gosaldu ondoren, 10:00ak aldera, euren etxeetako balkoiak eta leihoak sanluisetako kolore berde eta horiekin apainduko dituzte, eta iaz egin zuten moduan, auzotar orok ezagutzen duen jaietako abestia kantatuko dute balkoi eta leihoetatik. 12:00etan, plazara jaitsiko dira, eta Patata Tropikala taldearen haur ikuskizunaz gozatuko dute.
Bazkari herrikoirik ezin denez egin, bakoitza bere etxera igoko da bazkaltzera, baina jai batzordekoek paella egitera animatu dituzte bizilagunak, ondoren paella janaren argazkiak sare sozialetan partekatzeko. Digestioa ondo egin ondoren, 19:00etan, plazara jaitsiko dira berriz, Elektrobuiaka taldearen Joko-txow kontzertua ikustera.
Hobe dute musika emanaldian gehiegi ez luzatu, mendi irteera baitute etzi, 08:30ean auzoko plazatik abiatuta. Bueltan, 11:00ak aldera, Herrerako sanluisetako V. Boilur azoka egingo dute eta zerriek lur azpian aurkitzen dituzten gutizia horietaz gozatuko dute bosgarren urtez. 12:00etan auzoko tabernetatik sakabanatuko dira Herrerakoak, bazkaltzera joan aurretik “jaietako mostoa” hartzeko.
Bazkalostean, sanluisetako kamiseta eta zapi berde eta horiak jantziko dituzte bizilagunek, eta tabernetara jaitsiko dira berriz, “kafea, infusioa eta pastak” hartzera, digestioa ondo egiteko. Betekada pasatzen zaienean, plazara joango dira, 18:30ean hasiko den ipuin kontalariarekin gozatzera. Era berean, iaz egin zuten moduan, asteburu osoan zehar San Luis pasta goxoetaz gozatzeko aukera izango da auzoko saltoki eta tabernetan.
Astelehen gauerdian, 2022ra arte agur esango diete sanluisei Herrerakoek, eta beste urtebete pasako dute pandemia erabat gainditzen denean jaiak berriz ere behar bezala ospatzeko prestatzen, baina alaitasuna galdu gabe.