Donostia Kirolak hiriko kirol kluben eraldaketa digitala bultzatuko du
Hiriko 70 kirol kluben artean azterlan bat egin du Donostia Kirolak. Haien garapen digitalaren maila aztertu dute beharrak ezagutu eta beharrezko eraldaketa digitalari laguntzeko programa bat diseinatu ahal izateko. Azterketa Mondragon Unibertsitateko Yaka taldearen lankidetzarekin egin dute, eta kirol kluben digitalizazioari eragiten dioten hainbat aldagai aztertu dituzte: webguneak, Internet bidezeko izapideak, denda birtuala, eta bazkideen zein jokalarien ataria, besteak beste.
Ondorio orokorra da hiriko kirol klubek bide luzea dutela eraldaketa digitalean, nahiz eta alde handiak dauden klub batzuen eta besteen artean. Hona hemen aldagaien analisia:
- Webguneak: Kluben %25ek ez dute webgunerik, eta, beraz, ez dute presentzia digitalik. Webgunea dutenen artean, erdiek bakarrik dute eguneratuta. Bestalde, kirol kluben digitalizazio maila txikia dela argi eta garbi ondorioztatu dute, kluben %17k bakarrik duelako atari edo eremu pribaturen bat bazkideentzat. Ildo beretik, kluben %24k bakarrik du webgunearen bidez tramiteren bat Interneten egiteko aukera, bai bazkideen gune horien barruan, bai beste atal batzuetan.
- Sare sozialen erabilera: Kluben %85ek gutxienez profil bat dute sare sozialen batean, nahiz eta, hein handi batean, eguneratu gabeko profilak diren. Klubetako sarerik ohikoena Facebook da (kluben %78), ondoren Instagram (%67) eta Twitter (%61). Erabilera mailari dagokionez, Instagram-ek du edukien eguneratze portzentaje handiena (%83), ondoren, Facebook-ek (%65) eta Twiterrek (%51).
- Bazkideekiko komunikazioa: Kluben %87k posta elektronikoa erabiltzen dute, eta %71k Watsapp. Nolanahi ere, eskuz erabiltzen diren tresnak dira, eta ez dira erabiltzen aldizkari elektronikoak bidaltzeko aplikazio espezifikoak.
- Datuen kudeaketa: Klub gehienek oinarrizko aplikazioak erabiltzen dituzte horretarako, ez berariazkoak, batez ere Excell edo antzekoak, eta % 26k bakarrik ditu tresna digital espezifikoak, bai norberak egindakoak, bai merkatuan dauden aplikazioak.
- Ekipamendu teknologikoa: Eskasa da eta ez da gehiegi eguneratzen. Hala, kluben %76k gutxienez gailu bat dute (ordenagailua, eramangarria, tableta…), baina %42 ez da berritu azken urteotan.
Klub gehienek uste dute digitalizazio egoera baxuan daudela (batez besteko balorazioa 10etik 5,5ekoa da) eta, hala ere, interes handia erakusten dute gai horretan aurrera egiteko. Era berean, baliabide ekonomiko urriak, denbora eta prestakuntza falta edo langilerik ez izatea, dira aurrera egiteko adierazten dituzten oztopo nagusiak.
Azterlan honen ondorioekin, Donostia Kirolak bi norabide hartuko ditu. Alde batetik, azterketa honen zabalkundeak kluben digitalizazioari laguntzeko balio izatea nahi du, baita beste administrazio batzuen lehentasunetan ere sartzeko (esaterako, Eusko Jaurlaritza edo foru-aldundiak). Donostia Kirolak administrazio horiei helaraziko dizkie azterketa honen ondorioak. Bestalde, eraldaketa digital hori bultzatzeko programa bat prestatuko da udal esparruan, hainbat neurrirekin, besteak beste, laguntza ekonomikoak, prestakuntza edo aholkularitza.