Kutxabankek Aldakoneako familia bat etxegabetuko duela salatu dute
Kutxabankek Garibai kalean daukan egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur Kaleratzeak Stop plataformak, Aldakoneako familia bat etxetik botako dituztela salatzeko, eta bertan geratuko direla adierazteko. Kutxa Fundazioa eta Donostiako Udala Aldakoneako hirigintza plana burutzen ari dira, eta hainbat eragile aurka azaldu dira.
Rosario %54ko ezintasuna duen 76 urteko emakume bat da, eta 51 urteko bere semearekin bizi da; horrek %70eko ezintasuna du. 1960ko hamarkadatik bizi dira Aldakoneako etxe batean, eta orain, Kutxabakek etxetik botatzeko asmoa du. Rosariok hilean 1.020 euroko diru sarrerak ditu, eta 1960ko hamarkadatik errenta zaharreko alokairu bat ordaintzen ari da. Hala ere, 2012an Kutxabank etxeaz jabetu zen, eta ez zuen kontratu harremana erregularizatu.
“Iraupen mugagabeko errenta zaharreko kontratu horiek errentak ez ordaintzeagatik edo beste etxebizitza bat eraitsi eta eraikitzeagatik eten egiten direla jakinda, Kutxabankek errentak ez ordaintzeagatiko demandak eskatzea erabaki du”, azaldu du Kaleratzeak Stop plataformak. Ordaintzeko bitartekorik eskaintzen ari ez direla salatu dute, eta kaleratze agindua ekainaren 25erako ebatzi dute.
Donostiako Udalaren bitartekaritza eskatu dute, Kutxabankek burutuko duen etxegabetzea bertan behera uzteko.