"Errealitatearekin talka egin ondoren, udalak Illunben garatu beharreko proiektua aldatu behar izan du"
Donostiako Udalak eta Illunbeko lursailen jabeek salerosketa kontratua aldatu dute, beste erabilera batzuk emateko eremuari. Horren inguruko balorazioa plazaratu du EH Bilduk. Positibotzat jo dute erabakia udal gobernuak iritzia aldatu duelako. “Errealitatearekin talka egin ondoren, udalak Illunben garatu beharreko proiektua aldatu behar izan du”, adierazi du Ricardo Burutaran zinegotziak. “EH Bilduk publikoki esan du, askotan, merkataritza gune handiak eraikitzeko eredua ez dela egokia gure hiriarentzat, eta, gainera, egun krisian dagoen eredua dela”.
Aldaketaren helburua “zehaztasun gehiagorekin” ezagutu arte, Burutaranek adierazi du udal gobernuak proposaturiko aldaketak kontratuaren hasierako helburua aldatzea dakarrela. “Beraz, helegite judizial berriak saihesteko, aurreikusitako jarduera berrira egokitutako lehiaketa berri bat egitea aztertu beharko litzateke”.
Illunbeko “porrota”
Bere garaian Illunbek suposatu zuen “porrota” nabarmendu du Burutaranek. “Izan ere, egitasmoaren sorrera Garberako Merkataritza Gunea eraikitzeari lotuta egon zen, baina azkenean hiriak 21.000.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan zizkion Chopera familiari, Odon Elorzak egindako esleipena bertan behera uztearen ondorioz”.