Gazteentzako MartxUp! programak proiektuak aurkezteko epea ireki du
MartxUp! 2021 programan parte hartzeko epea ekainaren 25etik uztailaren 25era bitartekoa izango da. Donostiako gazteen ideiak landu eta horiek garatzen laguntzea du helburu egitasmoak; gazteak hiriko gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan ekitera bultzatzeko. Parte hartzeko www.martxup.eus webgunean eman behar da izena.
18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute banaka nahiz taldeka. Halaber, proiektuak hautatuak izanez gero, taldean landu beharko dira; bi eta lau pertsona arteko taldetan, hain zuzen. Eta parte hartu ahal izateko, taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan beharko du.
Proiektuen jarduera eremua askea da, betiere, genero, arraza eta bestelakoekiko baztertzailea ez bada. Era berean, aurkeztu ahal izango dira dauden fasean daudela: zirriborro, garapen edo inplementazioa. Hori bai, proiektuek bi ezaugarri bete beharko dituzte: hein handienean Donostian izango dute garapen eremua eta Donostia edo hiritarren onurarako zuzenduak izango dira.
MartxUp!-eko epaimahaiak proiektuen balorazioan kontuan hartzen dituen bestelako irizpideak honako hauek dira: bideragarritasuna, originaltasuna, berrikuntza eta zehaztapen maila.
Formazioa
Aukeratuko diren proiektuetako bultzatzaileek bost formazio saio jasoko dituzte iraileko bigarren hamabostaldian eta esperientzia ahalik eta gehien aprobetxatzeko modu irekian antolatuko dira. Tailerrak 2021eko urria eta azaroa bitartean egingo dira eta saio batetik bestera, gazteek tutoretza prestakuntzak izango dituzte. MTA-Mondragon Team Academy-ko kideak arduratuko dira proiektu bakoitzari dagokion beharrezko formazioa eta laguntza eskaintzeaz. Hilabetetako formazio horretan, gazteek proiektuak zehaztu, akzio plan bat burutu eta saretze prozesua hasiko dute.
Era berean, bukatutako eta definitutako proiektuek udalaren laguntza jasoko dute, horren gaitasun ekonomikoaren arabera. Azkenik, proiektuen aurkezpena 2022ko martxoan egingo da Donostiako Udaletxean.
Bosgarrena
Aurtengoa, dagoeneko, Donostia Gazteriak Mondragon Team Academyren laguntzarekin antolatzen duen bosgarren MartxUp! programa da. Laugarrenean onartutako proiektuak honako hauek izan dira: Donostia On, X-topiak, Lauki Makala eta Nor dabil basoan?. Horiek, hurrenez hurren, honako gaiak izan dituzte ardatz: Z belaunaldiko gazteak lan merkatura hurbiltzea; hirian programazio kultural-queer bat diseinatzea; hitzaren hedapenerako espazio interaktiboa sortzea eta haurrek naturarekin duten harremana sendotzea.