Illunben beste erabilera batzuk sustatzeko salerosketa akordioa aldatu du udalak
Donostiako Udalak Illunbeko lursailaren salerosketa kontratua berritzea erabaki du, ordura arte adosturiko merkataritza eredua gainditzeko. Hau da, Illunben ez dute merkatariza zentro bat jarriko. Horrela, jatorrizko proiektuaren erabilerei dimentsio berri bat ematea adostu dute gaur egungo jabeekin. Hain zuzen, udalak 2016an onartu zuen Illunbeko bi lurzati Larrain eta Loiola Gestion Inmobiliaria enpresen esku uztea 22 milioi euroren truke –17 milioi dirutan eta 4,9 milioi euro esparrurako sarbideen hobekuntzen obretarako–.
Eneko Goia alkateak eta Marisol Garmendia alkateorde eta sozialisten bozeramaileak eman dituzte akordio berriaren xehetasunak. Biek azpimarratu dute interes publikoa dagoela salerosketa kontratua aldatzeko. “Gaur hasten da Illunbe berriaren atzera kontaketa. Irtenbide bat eman nahi diogu bere eraldaketaren prozesua asko luzatu delako. Merkataritza gunerik ez du izango. Horren ordez, gazteentzako zerbitzuak eta lanpostuen sorrerarekin loturikoak izango ditu”, azaldu du Garmendiak.
Adosturiko akordioak hainbat zutabe dituela esan du Goiak. “Batetik, alokairu eskuragarrirako coliving etxebizitzen proiektua bultzatzeko proposamena interesgarria izan daiteke, alokairu parkerako eta alokairuaren batez besteko preziorako”. Horri loturik, alkateak azaldu du Talent House delakoen antzeko eredua sustatu nahi dutela Illunben. “Bestetik, jabeek konpromisoa hartu dute Miramongo Parke Teknologikoaren bateragarriak diren espazioak eta jarduerak garantzeko aukerak aztertzea. Aukera hori interesgarria da, hirigintza eremu hori parkearen etorkizuneko hedapenarekin lotzen baitu”. Merkataritza gune bihurtuko ez den arren, Illunbeko lursail batean supermerkatu bat kokatzeko asmoari eusten diote jabeek.
Horrez gain, adosturikoak Donostia Arena gunearen erabilera hobetzen lagundu dezakeela uste du Goiak: “Zezen plaza erabilera anitzeko pabiloi bihurtu nahi dugu etorkizun hurbilean. Horretarako, ingurua urbanizatzea eta pabiloiko sarbideak eta irteerak hobetzea aurreikusten da”.
Urtebeteko epea
Bi aldeek egindako akordioa aurrera eramateko, urtebetez atzeratu dute salerosketako eskritura publikoa formalizatzeko epea –sei hilabetez luza daiteke–. Izan ere, eremuaren planeamendurako tresna berriak tramitatu eta eraikuntza eta jarduera lizentzia berriak eskatu behar dira. Atzerapen horren ordain gisa, jabeek 620.730 euro ordainduko dizkiote udalari, eta kopuru proportzionala, atzerapen hori beste sei hilabete luzatzen bada –diruaren legezko prezioari dagokiona, eskrituraren sinadura atzeratzen den denboran–. Gainera, kontratua arautzen duten baldintza agiriko klausulak aplikatuz, udalak fidantza gisa ezarritako bermea konfiskatuko du, azkenean jatorrizko kontratuaren baldintzak aldatzen badira –340.000 euro–.
Goiak eta Garmendiak adierazi dute jatorrizko kontratuaren baldintzak mantenduko dituzte, eta ez dutela bi hirigintza esparruen kalifikazioa aldatuko. Hirugarren sektoreko erabilera mantenduko dute, eta ez dituzte etxebizitzak egingo. Dena dela, ez dute argitu hotelik egingo den edo ez.