Loiolako kuartelen truke dirurik eta beste lursailik ez emateko eskatu diote udal gobernuari
Donostia eta inguruetako hainbat eragilek osatzen duten Kuartel Berririk Ez plataformak agerraldia egin du gaur udaletxeko prentsa aretoan. Ostegunean egingo den ekaineko udalbatzarrari begira, kontrolerako mozio bat aurkeztuko dute EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeen bidez.
Mozioak bi puntu ditu. Batetik, udal gobernuari eskatuko diote Loiolako kuartelengatik dirurik ez ordaintzeko. Lurrak Espainiako Defentsa Ministerioarenak dira, eta horiek hiriari doan emateko eskatu du plataformak. Baita ere, Hipikako eta Lore Tokiko lursailak ere. Bestetik, Donostiak bakearen eta desmilitarizazioaren alde duen konpromisoa berresteko eskatu diote udal gobernuari. Alegia, egungo kuartelen ordez beste kuartel bat eraikitzea eragozteko konpromisoa hartzea. Hipikako lurretan herritarrentzat erabilgarriagoak diren ekipamendu sozialak, kulturalak eta bestelakoak eraikitzea garrantzitsuagoa dela adierazi dute.
Gaur gaurkoz, ondorengo eragileek osatzen dute plataforma: Bake Ekintza Antimilitarista, Donostiako Asanblada Feminista, Ehun Ehuntzen, Ernai, Eguzki, Ikama, Jaizkibel Militarrik Gabe, Komite Internazionalistak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Satorralaia, SETEM, CGT, CNT, ELA, ESK, LAB, STEILAS, Alternatiba, Antikapitalistak, EH Bildu, EPK, Ezker Anitza, Plazandreok, Ahal Dugu, Sortu, Donostialdeko Eskubide Sozialen Karta eta Piztu Donostia.