San Joan bezpera ospatuko dute Egian, Zubietan eta Amara Berrin
San Joan bezpera desberdina izango da gaurkoa. Konstituzio plazan ez da ekitaldirik izango, eta inon ez dute surik piztuko. Jarduerak Egian, Zubietan eta Amara Berrin egingo dituzte.
San Joan bezpera da gaur, eta pandemiaren ondorioz ez da surik izango Donostiako auzoetan. Konstituzio plazan ere ez dute urteroko ekialdia egingo Goizaldi dantza taldeak udalaren presentziarekin. Parte Zaharreko San Bizente elizan Easo abesbatzak abestuko du, eta Egian, lore sorta banaketa egingo dute, 19:30ean, Plaza Haundin.
Zubietan, berriz, Akelarre filma proiektatuko dute gaur, 22:00etan, Errebote plazan. Sarrerak doan eskuratu daitezke www.usurbilkultura.eus atarian.
Amara Berrin jaiak izan ohi dira sanjoanak, Ikasbide kultur elkarteak antolaturik. Aurten, ordea, auzoko eragileek bestelako egitarau kulturala antolatu dute gaurko eta ondorengo egunetarako. Gaur, San Joan bezperan, 20:00etan sorginen kalebira egingo dute sumendi biribildunetik (Aita Donostia plazatik) abiatuta. 22:00etan, kalebira amaitzean, sorginei agurra egingo diete. Lore sorta bana eramateko eskatu dute.
Bihar, berriz, Abixi Amara Berriko aisialdi talde sortu berriak haurrentzako lehen jarduera burutuko du 16:00etan. Sorginekin loturiko ginkana bat egingo dute Zorroagan. Parte hartzeko izena eman behar da, eta begirale bila ere badabiltza. Horregatik, parte hartu nahiko luketen haurren gurasoek eta begirale izan nahiko luketen gazteek Instagrameko @abixiaisialditaldea kontura edota abixialdi@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute. 630-31 21 05 telefono zenbakira ere deitu edo idatzi dezakete.
Ekainaren 25ean, aldiz, Amara Berriko antzerki herrikoia egingo dute Probestu plazan. 19:00etan hasita, antzerki taldearen aurkezpena eta lehen antzezlanaz gozatzeko aukera izango da.
Endara Amara Berriko sorgin youtuber-a da, eta sanjoanetako jardueren berri eman digu honako bideoan: