40 urte baino gutxiago duten pertsonei txertatzeko hitzordua ematen ari dira
Osakidetza hasi da 40 urte baino gutxiago dituzten pertsonei txertatzeko hitzordua ematen; zehazki, 1982. urtetik aurrera jaiotako pertsonei. Kolektibo horrek datorren astean jasoko du lehen dosia.
Izan ere, COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko erritmoa azkartzen ari da, eta dagoeneko 40 eta 41 urte bitarteko pertsonak ari da txertatzen Osakidetza. Ekainaren 7an ekin zioten 40 eta 49 urte arteko pertsonak txertatzeari, zaharrenetik gazteenera, eta bi aste pasa eta gero, adin taldeko pertsona gazteenei txertoa jartzen ari dira.
Gainera, COVID-19ari kontrako txertoen dosi gehiago jaso ostean, txertaketa kanpainan beste pauso bat emateko erabakia hartu dute: 12 eta 39 urte bitartekoak txertatzea. Horrela, hiru adin talde berri sortu dituzte txertaketarako: 12-19 urte bitartekoak, 20-29 urte bitartekoak eta 30-39 urte bitartekoak. Zaharrenetik gazteenera txertatuko dute, orain arte egin duten moduan. Beraz, 30-39 urte bitarteko pertsonak hasiko dira txertatzen datorren astetik aurrera.
Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta. 60 urtetik gorako pertsonei AstraZenecaren txertoaren bigarren dosia ematen aste honetan hasiko dira, gainera.