Erakusketa bat inauguratuko du Gehituk ekainaren 28an
Ekainaren 28a LGTBI kolektiboaren nazioarteko eguna izango da, eta Gehitu elkarteak #NiNaizNaizena erakusketa inauguratuko du Tabakaleran. Izen bereko webseriearen proiektua amaituko da egun berean Tabakalerako 2deo espazioan, eta uztailaren erdialdera arte bisitatu ahal izango da.
Bestalde, Donostiako Transmaribollo Koordinadora Feministak egitarau zabala prestatu du. Bihar, Transteatzen mahai ingurua egingo dute Josebe Iturriotzek, Loratuz Lotuk eta Sara Spatzek, 19:00etan, Marruma elkartean. Ekainaren 25ean, berriz, Putxs en Lucha eragilearen aurkezpena eta solasaldia izango da, 17:00etan, Infernuan. 19:00etan bertso saioa eskainiko dute Saioa Alkizak, Maialen Lujanbiok, Eli Pagolak eta Aner Peritzek.
Ekainaren 26an, berriz, Konspirazio Transmaribolloa kolektiboen aurkezpena egingo dute Letaman gaztetxean 12:00etan, eta ondoren, bazkaria egingo dute 14:00etan. 16:30ean sorkuntza tailerra egiteaz gain, kontzertuak emango dituzte Ningra eta Haizeatxok, eta Lilith Selektahk, 18:00etan; mikro irekia ere izango da. Ekainaren 27an poteo bollo-historikoa egingo dute 12:40ean Pinudi plazatik abiatuta.
Ekainaren 28an manifestazioa egingo dute, 19:00etan Bulebarretik abiatuta.
Donostiako Transmaribollo Koordinadora Feministak adierazi duenez, “gizon zishetero zuriak ez daude gonbidatuta” jarduera horietara: are, “ez dira ongietorriak”.