Kaiaren erabilera publikoa babesteko eskatu du EH Bilduk
Eusko Jaurlaritzak kaiko arrapala hesitu du, “jarduera nautikoen segurtasuna zaintzeko”. EH Bilduk eremuaren pribatizazioa salatu du, eta premiazko interpelazio bat erregistratu du, Udal Gobernuak azal dezan zer jarrera duen kaian ezarri diren debekuen aurrean.
“Hiriko eremu horretan, jarduera ekonomiko jakin batzuen mesedetan herritarren gozamenerako erabili izan diren espazio publikoak pausuz pausu galtzen ari dira. Zentzu horretan, eremuaren pribatizazioan urrats bat gehiago emateko ad hoc argudioak erabiltzen ari diren beldur direnen kezka partekatzen du EH Bilduk. Gure ustez, administrazio publikoek jarrera argia erakutsi behar dute espazio publiko horren erabilera publikoa babesteko”, azaldu du EH Bilduk.