Maria Intxaustegik XIX. Mendeko belaontzi batean egindako bidaiari buruzko hitzaldia emango du Tabakaleran
Gaur 18.30etan izango da hitzaldia Kutxa Kultur Plazako 4. solairuan.
Maria Intxaustegi. (Argazkia: Kutxa Kultur) XIX. Mendeko bergantin batean hegoaldera (Falkland uhartetik Antartikaraino) egindako bidaia azalduko du Maria Intxaustegik hitzaldian. Shackelton, Elkano… eta beste hainbat esploratzailerekin batera egindako espedizio gida lanak azalduko ditu.
Maria Intxaustegi (Donostia, 1989) itsaspeko arkeologoa, historialaria, kapitaina, buzo profesionala eta espedizio gida da. Bere lehendabiziko ikerkuntzak Aro Modernoko itsasontzi hondoratuekin lotuta daude, eta mundu osoan zehar ibili da ur-azpiko ondarea aztertzen. Gaur egun, Bark Europan XIX mendeko bergantinean ari da lanean Antartikako espedizio gida bezala. Mariak itsasoan igaro zuen konfinamendu garaia, Bark Europako eskifaiarekin bizitako abenturan. 81 egun eta 10.000 milia egin zituzten Atlantiko osoa zeharkatzen, eta Bark Europa belaontzian eskifaiak bizitako esperientzia azaltzen duen The Voyage (Richard Simko, 2021) dokumentala hitzaldiaren ondoren proiektatuko da.
Hitzaldia euskaraz izango da eta era presentzialean parte hartu ahal izango da izen-ematea www.kutxakultur.eus eginez. Gainera, zuzenean streaming bitartez jarraitzeko aukera egongo da hemen.
Zientziakutxa – Gen bidaiaria hitzaldi zikloak bi hitzaldi gehiago eskainiko ditu uztailean Donostia International Physics Center (DIPC) eta Kutxa Fundazioak antolatuta.

