Añorgako bidegorriko lur jausia konpontzeko 150.000 euroko gastua aurreikusten da
Ekaineko udalbatzarrean Añorgan moztuta dagoen bidegorriari buruz aritu dira, Elkarrekin Donostiaren ekimenez. Hilabeteak daramatza itxita bidegorriak Pedro Jose kaleko lurren mugimendu batek luizi txiki bat eragin ondoren. Ondorioz, harriak erori ziren bidegorrira eta segurtasun arrazoiengatik itxi zuten. Auzotarrek, ordea, ez dakite noiz irekiko duten, eta denbora daramate hori argitu nahian. Hain zuzen, udalak Gipuzkoako Alundiari horren inguruko informazioa eskatzeko mozioa aurkeztu du Elkarrekin Donostiak osoko bilkuran.
Duñike Agirrezabalaga zinegotzi sozialistak hartu du hitza Añorgako bidegorriaren inguruko azken berriak jakinarazteko. Aldundiarekin hitz egin ondoren, Agirrezabalagak adierazi du luizia sortu zen eremuan ikerketa tekniko bat egin dutela. Gainera, ondorioen berri ere eman du zinegotziak: “Irtenbidea konplexua eta garestia da. Izan ere, pilote txikiz osaturiko pantaila bat jarri beharko dute hamabi metroko sakonerarekin. Horrekin batera, sare bat jarriko dute mendi magala eusteko, eta ingurua txukundu”.
Hori dena aurrera eramateko proiektu bat idatzi behar dutela adierazi du, eta gastuaren zenbatekoa ere aurreratu du: 150.000 euro. Aldiz, bidegorria berriz irekitzeko eperik ez du eman Agirrezabalagak.