LGTBI behatoki bat sortzearen alde agertu da udalbatza
Elkarrekin Donostiak LGTBI behatokia sortzeko proposamena aurkeztu du ekaineko osoko bilkuran, eta aho batez onartu du gainerako udal taldeek. “Donostian LGTBI-fobiari buruzko datuak bildu eta aztertzeko baliabide bat izatea beharrezkoa da, baita diskriminazioaren biktimak artatu eta aholkatzeko ere”, azaldu du Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak.
Biktima, tratu txar eta erasoetatik harago jo du Aranetak: “Indarkeriaz, biktimez eta erasotzaileez hitz egiteaz nazkatuta gaudela adierazi nahi dut, eta desioaz, plazeraz eta, zergatik ez, proposamenez hitz egiten hasi nahi dugu. Izan ere, jende askok sexu gaiei buruz duen ezjakintasunaren eta informazio eta aholkularitza eskaeraren aurrean, Donostia eta emaitza onak ematen ari diren beste udalerri batzuen maila berean jartzea eskatzen dut”.
Gasteizko Ikusgune behatokia jarri du adibide gisara, eta baita Bartzelonakoa ere. “Dena dela, askoz sinpleagoa den zerbait eskatzetik hasi nahi dugu: telefono bat, sexu identitateagatik, sexu adierazpenagatik eta desioaren orientazioagatik aholkua eman eta kontsultetan lagunduko duen profesional batekin”, adierazi du Aranetak. Behatoki horrek informazio hori guztia sistematizatuta jasotzen hasiko da, hiriko egoerari buruzko diagnostikoa eta ezagutza zehatzagoa sortzeko, eta aukera emango du komunitate ahulenetako baten –transexualitate egoeran dauden gizon eta emakumeak– egoera soziolaboralari buruzko azterlanari ekiteko.