Uliako hobi komuna aztertzea onartu du Eusko Legebiltzarrak
Legebiltzarrak Elkarrekin Podemos-IUk egindako Uliako hobi komuna aztertzeko proposamena onartu du. Honi esker, Uliako hobian prospekzioak egitea ahalbidetu dute, eta Memoria Historikoaren Euskadiko lekuak seinalizatzeko eta zabaltzeko diru kopuru handiagoa jasoko dute.
Proposamen hau duela bi hilabete egin zuen Elkarrekin Donostiak udaleko osoko bilkuran, eta udal gobernuak ezezkoa eman zuen. Haizea Garay Ezker Anitzako zinegotziak dio albiste ona dela Eusko Legebiltzarrean koalizio ezkertiarraren proposamena aurrera atera izana, “azkenean Uliako hobia aztertu dadin”. Hala ere, duela bi hilabete Donostiako udal gobernuak izan zuen jarrera ezkorra salatu du.
Jon Hernandez legebiltzarkideak dio Uliaren kasuan ez direla bete hobien 2015-2020 Planaren aurreikuspenak. Bestalde, Memoria Historikoaren espazioak ondo seinalizatzeko diru laguntzak “barregarriak” direla adierazi du Haizea Garayk; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan 137.000 eurokoa da aurrekontua, udalerriko bataz bestekoa 547 eurokoa delarik.
2003an Aranzadi elkarteak egin zuen ikerketa bati esker jakin zuten zein zen Gerra Zibileko hobi komun honen kokaleku zehatza.