Auzoak eta hiria bizi mantentzeko jai ezohikoak
Iaz gertatu zen moduan, aurtengo jaiak ez dira ohikoak izango, baina bai iazkoak baino ohikoagoak. Ez dira bere horretan ospatuko, baina jarduera sinbolikoak eta kultur, kirol eta aisialdi jarduerak uztartuko dituzte, datorren urtera arte metxa piztuta mantentzeko.
Konfinamendutik ateratzen hasi berritan heldu zen 2020ko uda, eta, harekin, Donostiako jai gehienak ospatu ohi diren garaia. Koronabirusa, ordea, gogor jotzen ari zen oraindik, eta ziurgabetasuna zen nagusi, zentzu guztietan. Horrela, aurreikusi zitekeen moduan, Donostiako Udalak hiriko jai herrikoi guztiak bertan behera utzi zituen, baita Aste Nagusia bera ere. Hainbat auzotako jai batzordeek eta Donostiako Piratek «egoerara egokitutako jai sinbolikoak» antolatzeko asmoa agertu zuten, baina ezin izan zuten gauza handirik egin, eta salatu zuten udalak ez zuela prestutasunik erakutsi auzoetako jai egokituak antolatzeko. Azkenean, jarduera sinbolikoak izan ziren nagusi balkoien eta leihoen apainketa, esaterako auzo gehienetan, eta jarduera gutxi batzuk antolatu zituzten jai batzorde batzuek; Groseko Zipotz jaietakoak, esaterako.
«Datorren urtean indar gehiagorekin itzuliko gara», izan zen duela urtebete jaietako antolatzaileen artean gehien errepikatu zen ideia, 2021eko uda egoera askoz hobeagoan helduko zelakoan eta gauzak normaltasunez antolatu ahalko zirelakoan. Pasa da negua, pandemiaren olatuak Zurriolakoak bezala igo eta jaitsi dira, eta iritsi da 2021eko uda. COVID-19ak, ordea, gure artean jarraitzen du, eta oraindik ezinezkoa da jaiak eta bestelako jarduerak normaltasunez antolatzea. Hala ere, txertaketari esker, iazkoan baino egoera hobean iritsi da aurtengo uda, eta denak bide onetik jarraitzen badu, sinbolismotik zertxobait harago doazen jardueretaz gozatzeko aukera izango da datozen asteetan eta hilabeteetan.
Hori aurreikusita, urte hasieran, zenbait auzotako jai batzordeak mugitzen hasi ziren. Udalarekin harremanetan jarri ziren, aurten jaiak egiteko aukerarik izango ote zuten galdetzeko, eta, hala izatekotan, zein baldintzatan. «Ez zigutenez erantzuten, Donostiako Jai Herrikoien Koordinakundean bilerak egiten hasi ginen, egoera aztertzeko. Hainbat jai batzordetatik udalarekin harremanetan jartzen saiatu ginen, eta, azkenean, esan ziguten oraindik goiz zela, eta aurrerago helaraziko zizkigutela udan izango genituen baldintzak», azaldu du Nora Garziak, koordinakundeko eta kaiko Karmengo jaietako jai batzordeko kideak. Koordinakundea duela 25-30 urte sortu zuten hiriko hainbat jai herrikoitako kideek, baina azken urteotan ez du oso lan aktiboa egin. Koronabirusak baldintzatutako testuinguruan, aldiz, berpiztu egin zen. Horrela, hiriko jai herrikoi gehienen babesarekin, koordinakundeak manifestu bat plazaratu zuen apirilean, «momentuan momentuko neurrien araberako jaiak edo kultur ekitaldiak» antolatu ahal izateko, udalari diru laguntzak mantentzeko eta azpiegiturarekin laguntzeko eskatuz, besteak beste. «Horren ondoren, udalak jaietarako jarduerak antolatu ahal izateko baldintzak helarazi zizkigun, eta koordinakunde-ko ordezkariek bilera bat egin zuten udalekoekin. Hortik aurrera, baldintza batzuk gehiegizkoak iruditzen bazaizkigu ere, jai batzorde bakoitza banan-banako harremana izaten ari da Donostiako Festak saileko teknikariekin», kontatu du Garziak.
Jon Insausti Kultura zinegotziak azaldu du «alarma egoerarekin zer gertatuko zen» jakin arte itxaron nahi izan zutela, hori baitzen jaiak eta kultur jarduerak antolatu ahal izateko baldintzak erabakitzeko «muga nagusia». Alarma egoera maiatzaren 9an amaitu zen, eta Eusko Jaurlaritzak orduan argitaratutako dekretuak ezartzen zituen neurriak aintzat hartuta, «nolabaiteko praktika onen protokolo bat» garatu zuen udalak: «Protokolo horren baldintzetan oinarrituta, jai batzordeekin hitz egiteari ekin genion, aztertzeko zer egin zezaketen eta zer ez. Bakoitzari dagokion diru laguntza eskaini diogu [2.500 eurokoa gehienez, BEZ barne], guk aulkiak, hesiak, oholtzak eta horrelakoak jartzen dizkiegu eta gune publikoak erabiltzeko baimenak eta logistika guztia gure gain hartzen dugu. Hori proposatu genien, eta harrera ona izan du orokorrean, bilerak giro onean planteatu baitziren», kontatu du Insaustik. Zinegotziak gaineratu du udalaren premisa «ahalik eta posibilistena izaten saiatzea» izan dela: «Gauzak egin behar dira, jarduerak antolatzeko beldurra kendu behar baitugu. Baina, esaterako, jarduerei ‘jai’ edo ‘festa’ hitza kentzeko konpromisoa hartu dugu, eta hala eskatu diegu eragile guztiei ere. Izan ere, oraindik goiz da antolatuko diren jarduerei ‘auzoko jaiak’ deitzeko. Planteatu da ‘kultur jarduera’ eta halako izenak ematea egitarauei». Era berean, Insaustik nabarmendu du protokoloaren baldintzak alarma egoera bukatu osteko Jaurlaritzaren dekretuan daudela oinarrituta, baina «dekretuak aldatu ahala», baldintzak ere aldatzen direla, «bai udalak antolatzen dituen jarduerentzako eta bai jai batzordeentzako». Udak aurrera egin ahala gauzak hobetuko direla aurreikusten da, beraz, segur aski, «Zinemaldiak askoz testuinguru hobea eta neurri malguagoak izango ditu Jazzaldiak baino, esaterako».
Bestalde, udalak erabaki du «kultur jarduera» horiei hedapen handirik ez ematea: «Protokoloa idatzi genuenean, testuingurua oraingoa baino okerragoa zen, eta badaezpada jarri genuen hedapena auzora mugatzearen baldintza. Azken finean, auzoetako jaiak denontzako dira, baina, batez ere, euren helburua auzoko kohesioa indartzea da. Horregatik, erabaki genuen aurten gauzak gehiago kontrolatzea, irudi txarrak saihesteko».
Horrez gain, beste hainbat baldintza ezartzen ditu «praktika onen protokoloak», besteak beste, hauek: jarduera guztiak auzoko gune bakar batean egin behar dira (gunearen sarbideetan gel hidroalkoholikoa jarrita), ikuskizunak formatu txikikoak izan behar dira eta ikusleek eserita egon behar dute beraz, ezin dira txarangak eta buruhandien eta erraldoien kalejirak antolatu, esaterako, jardueretan zehar ezin da ez jan ez edan, ferianteek atrakzio kopuru erdia jarri dezakete, herri bazkariak catering zerbitzu batekin antolatu behar dira, mahai ba-koitzean sei lagun egon daitezke gehienez eta jarduera guztiak 00:00ak baino lehen bukatu behar dira. Hala ere, neurriak malgutu ahala baldintzak ere malgutzen direnez, aurreikus daiteke uda amaierako jaiek hasierakoek baino baldintza malguagoak izango dituztela. Esaterako, Morlansko jaien bueltan maiatza erdialdean hainbat jarduera antolatu zituztenean, 22:00ak baino lehen bukatu behar zuten, eta mahaietan lau lagun egon zitezkeen gehienez. Ondoren, aldiz, ordutegia 00:00ak arte luzatu zuten, baita mahaietan egon daitekeen pertsona kopurua handitu ere. Era berean, maskararen erabilera derrigorrezkoa izan da orain arte espazio irekietan, baina bihartik aurrera pertsonen arteko distantzia mantentzerik badago ez denez derrigorrezkoa izango, neurria bertan behera geldituko da jaietako kultur jardueretan ere.
Hasi dira gauzak antolatzen
Baldintzak zehaztuta, «jai batzorde bakoitzak erabakitzen du zerbait egin nahi duen edo ez, eta egitaraua prest dutenean, Festak sailari bidaltzen diote, oniritzia jasotzeko», azaldu du Insaustik. Hain justu, pasa den asteburuan San Luis egunak ospatu zituzten Herreran, eta etxean egiteko jarduera sinbolikoak, auzoko tabernetako poteoak eta kaleko ikuskizun kontrolatuak uztartu zituzten, neurri guztiak beteta.
Hala ere, lehenengo ‘jaiak’ ez ziren Herrerakoak izan: «Morlansen izan genuen lehenengo esperientzia, alarma egoeratik atera eta gutxira egin baitziren jaietako kultur jarduerak, eta gauzak oso ondo egin ziren, oso modu kontrolatuan. Gainera, oso harreman ona izan zen udaleko Festak atalaren eta Morlansko jai batzordearen artean», dio zinegotziak. Morlansko jai batzordeko Eider Imaz, aldiz, kritikoa izan da udalak izandako jarrerarekin: «Ez nuke esango adostasun bat egon denik udalarekin. Kudeaketari dagokionez, erraztasun batzuk eman dizkigute, baina baldintzei dagokienez… Egoera berezi batean gaude, eta guztiontzat da zaila gauzak antolatzea. Horregatik, baldintzetan malgutasuna eskatuko nioke udalari, ezin dute horren zurrunak izan».
Imazen ustez, baldintza batzuk «ulergarriak» dira, baina beste batzuk aldiz, ez horrenbeste: «Segurtasun neurriak eta ordutegiak betetzeko konpromisoa hartu genuen, baina horrela ere, baldintzetako bat zen auzotik eta auzoarentzako zerbait izan behar zela, eta ezin zitzaiola hedapen handirik eman. Hori ez genuen ulertzen, zeren, azken finean, guk konpromiso hori hartu badugu, ez dauka zentzurik egitasmoen garapena mugatzeak. Esaterako, bertso saio on bat antolatzen bagenuen, zergatik ezin zuten beste auzoetako herritarrak etorri?».
Horrela ere, «auzoa bizirik mantentzeko», jarduera batzuk antolatzea erabaki zuten: «Ez genuen jai giroa bere horretan sortu nahi, baina auzo honetan jaien presentzia nahiko berria da, eta Morlanskoontzat garrantzitsua da maiatzaren erdialdeko asteburu hori; horregatik, jendeak auzoko jaiak presente izatea nahi genuen. Era berean, premia genuen adierazteko egoerara egokitutako kultur jarduerak egin daitezkeela, kultur sortzaileek ere lan egiteko beharra dutelako».
Horrela, Donostiako hainbat jai herrikoitako batzordeak jarduerak antolatzeko aukerak aztertzen ari dira, eta, gutxienez, kaiko Karmengo jaietakoek, Groseko zipotzetakoek, Egiako porrontxoetakoek, Zubietakoek eta Igeldoko sanpedroetakoek zerbait egiteko asmoa dute. «Azken asteotan udal teknikariekin izandako harremana arinagoa izan da, baina kate motzean lotuta gaituzte. Hala ere, egitarau xume bat prestatzen ari gara, auzoan giroa sortzea garrantzitsua baita», azaldu du Zipotz jaietako Maider Arriolak. Jai herrikoi gehienek jaiak etxean modu sinbolikoan ospatzera deitu zuten iaz, baina Grosekoak izan ziren horrez gain kalean ere jarduera sinboliko gutxi batzuk antolatu zituzten bakarretakoak. «Aurten ezin genuen hori baino gutxiago egin, eta aukera gehiago ditugunez, pixka bat harago joango gara. Ez dira zipotzak bere horretan izango, baina jendeak jakin behar du gauzak antolatu daitezkeela», nabarmendu du Arriolak.
Ildo beretik jo du Garziak, kaiko Karmengo jaietakoak: «Gure lehentasuna jaiak aurrera eramatea izan da hasieratik, auzoari poztasuna emateko, egoerari buelta ematen saiatzeko eta kulturaren sektorea nola dagoen ikusita, bultzada txiki bat emateko». Horregatik, udalaren baldintzak onartu ostean, egitarau bat prestatzen ari dira, nahiz eta ez dauden baldintza guztiekin ados: «Jarduera guztiak espazio bakar batean egin behar ditugula esan digute. Neurri horri, adibidez, ez diogu zentzu handirik ikusten, jende pilaketak saiheste aldera, agian hobe izango litzatekeelako espazio bat baino gehiago erabiltzea. Baina bueno, gauden egoeran gaudela onartu behar dugu, eta hau da dagoena». Diru laguntzarekin ere kritiko izan da Garzia: «Oso diru laguntza txikia iruditzen zaigu, batez ere kontuan izanda ezin dugula txosnarik jarri, eta, beraz, ez daukagula inolako diru sarrerarik. Soilik gastuak ditugu, are gehiago kultur sortzaileek baldintza duinetan lan egitea nahi badugu».
Auzotarrentzat ez ezik, jai batzordearentzat ere garrantzitsua da zerbait antolatzea, Garziaren arabera: «Bi urte pasako bagenitu ezer antolatu gabe, indar asko galduko luke batzordeak, beraz, mugitzen jarraitzeko gauzak egin behar ditugu».
Hala ere, badaude jarduerarik ez antolatzeko erabakia hartu duten jai batzordeak ere: Bidebietakoa (maitzaren erdialdean izan behar zuten jaiek) eta Larratxokoa (ekainaren bigarren asteburuan), esaterako. «Gauzak dauden moduan, ezer ez egitea erabaki dugu. Ea datorren urtean gauzak hobeto dauden», adierazi zuten maiatzean Bidebietako jai batzordekoek. Ildo beretik jo zuten hilaren hasieran Larratxokoek: «Jaiak gozatzeko dira eta ez dugu uste horrela ezer antolatu daitekeenik».
Aste Nagusirik ez, baina kultur jarduera ugari
Aste Nagusiari dagokionez, udalak aurten ere ez antolatzea erabaki du: «Urte hasieran aurrekontuak egin genituenean, aurreikusi genuen ez genituela su artifizialak botako. Izan ere, hiri honetan jende gehien pilatzen duen ekitaldia da su artifizialena: 100.000 pertsona inguru. Eta ez da batere erraza hori kontrolatzea. Beraz, su artifizialak ez, eta Aste Nagusia aurreko urteetan ezagutu dugun formatuan ere ez», azaldu du Insaustik. «Ordea, erabaki genuen zerbait egin behar genuela, Aste Nagusiaren atzean badagoelako hortik bizi den jende asko: oholtzak jartzen dituzten enpresak, teknikariak, sortzaileak, eta abar», gaineratu du.
Iaz, Abuztua Donostian egitaraua antolatu zuten Aste Nagusiaren ordez; hainbat kultur jarduera txiki egin zituzten hilabete guztian zehar hiriko gune askotan. «Formatu horri eutsiko diogu, pixka bat moldatuta. Ikusi dugu iaz zerk funtzionatu zuen eta zerk ez, eta asmoa da hiriko auzoetan kultur jarduera txikiak eta kontrolatuak egitea abuztu guztian. Esaterako, iluntzetan kaleko zinema emanaldiak egingo ditugu, baita antzerki eta musika emanaldiak ere», nabarmendu du Insaustik. Era berean, Aste Nagusiko Urrezko Kopa eta Igeldoko Harria kirol lehiaketak ere antolatuko dituzte, Trinitate plazan.
Egitasmo horiek guztiak udalak «udaz osasunez gozatzeko» antolatutako jardueren barruan sartuko dira: «San Telmo Museoan, adibidez, Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena gogoratzeko oso erakusketa interesgarria daukagu. Bestalde, antzerki emanaldi ugari izango ditugu hiriko auzo gehienetan udako hilabeteetan eta Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia ere izango ditugu», azpimarratu du Insaustik.
Udalak antolatzen duen Aste Nagusiaz gain, ordea, Donostiako Piraten mugimenduak antolatutako Aste Nagusi Pirata ere izaten da abuztuan. Iaz, egun bakarreko egitaraua antolatu zuten, Trinitate plazan: Pirata Setioa. «Piratek auzoetako jai batzordeek baino izaera bereziagoa dute, euren eragina eta zabalkundea handiagoa delako. Horregatik beraiekin daukagun harremana desberdina da. Hala ere, esan genien Trinitate plaza erabilgarri izango zutela, iaz egin zutenaren antzeko zerbait egiteko», adierazi du Insaustik. Jardueraren bat antolatzeko edo ez antolatzeko erabakia orain Piraten esku dagoela gehitu du: «Gainontzekoei eskaini diegun diru laguntza bera eskaini diegu, eta ikusiko dugu zer proposatzen duten». Hedabide hau harremanetan jarri da Piratekin, eta adierazi dute «aukerak aztertzen» ari direla.
Indar gehiagorekin itzuliko dira
Iaz jarduera sinbolikoak baino ez ziren egin hiriko jai herrikoietan, eta, gehienak, etxetik. Aurten, aldiz, sinbolismo hori kaleko jarduera ohikoagoekin uztartzen ari dira, eta pandemiak gure artean jarraitzen badu ere, Donostia normaltasunaren antza hartzen ari da pixkanaka. Horregatik, aurtengoa «trantsizio urtea» izatea espero dute udalak eta gizarte eragileek: «Jarduera batzuk antolatu ahal izatea egoera hobetzen ari den seinale da», adierazi du Insaustik, eta zera gaineratu du: «Espero dezagun datorren urtean jaiak ohiko moduan ospatu ahal izatea, %100era».
Imazek argi dauka, eta baikor agertu da: «Datorren urtean ere hor egongo gara, ahalik eta jai onenak antolatzen». Ildo beretik jo du Garziak, eta jai herrikoi indartsu batzuen garrantzia azpimarratu du: «Egoerara egokitutako jarduerak egingo ditugu aurten, baina indar gehiagorekin itzuliko gara 2022an, auzotarrei ohiko jaiak eskaintzeko. Izan ere, jai herrikoiek rol garrantzitsua jokatzen dute Donostian, hiriak jai parekideak eta euskaldunak izan ditzan; jendeak behar ditu.