"Lasaitasuna izan zen garaipenaren gakoa"
Maiatzaren 9an Europako Ur Bizietako Txapelketa irabazi zuen Miren Lazkanok (Aiete, 1997) Ivrean (Italia), C1 kategorian. Horren ostean Munduko Kopako bi jardunalditan ibili da, eta oraindik txapelketa bat baino gehiago geratzen zaio denboraldia amaitzeko. Ez du Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzea lortu, baina Pariskoetan egotea du helburu.
Denboraldia amaitu duzu?
Ez. Abuztu hasieran Espainiako Txapelketa daukat, eta abuztu amaieran eta irailaren hasieran bi Munduko Kopa ditut, Pauen (Okzitania) eta Seu d’Urgellen (Herrialde Katalanak). Horren ostean, Munduko Txapelketarekin amaituko dut denboraldia.
Zer da Munduko Kopa?
Ranking moduko bat da, eta normalean urtean bost jardunaldi egiten dira, nahiz eta aurten Olinpiar Jokoak daudenez, lau jardunaldi egingo diren.
Zer moduz joan dira azken nazioarteko txapelketak?
Europako Txapelketa oso ondo joan zen, baina Munduko Kopak zailagoak egin zaizkit, jende gehiago egoten baita. Australian eta Zeelanda Berrian, adibidez, piraguista oso onak daude. Finaletara iritsi nahi nuen, baina akats batzuk direla eta ez dut lortu.
Nola hasi zenuen ostera irabaziko zenuen Europako Txapelketa?
Egia esanda, txapelketa ez nuen horren ondo hasi; sailkapen fasean ez nintzen ondo ibili, eta ez nintzen lehen hogeien artean sailkatu. Hau dela eta, bigarren aukerako txandan finalerdira sailkatzea lortu nuen. Finalerdian oso ondo aritu nintzen, laugarren geratu nintzelako, eta finalean irabazi egin nuen azkenean, nahiz eta hasiera ez nuen guztiz ona egin.
Uste dut garaipenaren gakoa lasaitasunean egon zela: hasieratik hasi nintzen lasai, zorakeriarik egin gabe, eta azkenean ondo joan zitzaidan.
Finalaren aurretik irabazteko aukerak zenituela uste zenuen?
Nik beti pentsatzen dut finalean edozeinek irabazi dezakeela, nahiz eta beti dauden faboritoak. Hala ere, haiek ere huts egiten dute batzuetan, eta tarteka ez dira ezta finalera ere iristen.
Aurtengo Europako Txapelketaren finalean faborito asko zeuden, baina aukerarik ez dudala pentsatzen badut ez dut ezer ere ez lortuko. Azken finean, konfiantza ere izan behar duzu zeure buruarengan, nahiz eta zaila dela jakin.
Gainera, zuen kirolean kanpo faktoreek asko eragin behar dute.
Hala da, zoriaren portzentajea beste kirol batzuetan baino altuagoa da. Une askotan galdu dezakezu denbora zure esku ez dauden faktoreak direla eta.
Tokioko Olinpiar Jokoetan egongo zara?
Ez. 2019. urtean egin zen hautaketa proba, eta nik sorbalda operatu behar izan nuen; sailkatzeko aukera guztiak galdu nituen.
Parisko Olinpiar Jokoetara joatea posible ikusten duzu?
Hurrengo olinpiar zikloa urtebete laburragoa izango da, eta horrek gauzak aldatu egiten ditu. Hala ere, posible ikusten dut bertan egotea, eta hori da helburua, baina ez dut soilik horretan pentsatzen; izan ere, soilik horretan banabil buru-belarri, eta ez badut joatea lortzen, kolpea gogorragoa izango litzateke. Nahiago dut urtez urte joan; poliki poliki, eta txartela lortzen badut, primeran.
Zertan eragin dezake hurrengo olinpiar zikloa laburragoa izateak?
Prestakuntza asko aldatzen da; nire ustez, 4 urteko olinpiar zikloa luze egiten da, nahiz eta batzuek esan ez dela hainbeste denbora. Azken zikloa, adibidez, 2016. urtean hasi zen, eta niri behintzat oso urruti dagoela iruditzen zait; 19 urte nituen bakarrik.
Piraguarekin batera ikasketekin jarraitzen duzu?
Bai; joan den urtean magisteritza amaitu nuen, eta psikologia ikasten hasi naiz orain. Ez nago piraguan bakarrik zentratuta, eta gainera uste dut ikasketek deskonektatzen laguntzen didatela. Besteek ez dakit, baina nik ezingo nuke nire bizitza piraguan ibiltzera eta entrenatzera mugatu. Oreka bat izateak laguntzen dit.
Hala ere, une batzuetan zaila izan behar du maila goreneko kirola ikasketekin uztartzeak.
Bai, dudarik gabe. Denboraldi aurrean, Donostian nagoenean, ez da hain zaila. Kanpora joan behar dudanean izaten da zailena, nire ikasteko txokotik kanpo, hoteletan adibidez, kosta egiten zaidalako. Nabaritu dut bigarren lauhilekoa zailagoa egin zaidala lehenengoa baino.
Azken Munduko Kopan, adibidez, ostiralean eta igandean lehiatu behar nuen, eta larunbat goizean bi azterketa izan nituen, online.
Ur bizietako piraguismoak zer zailtasun duela esango zenuke?
Burua oso hotza izan behar duzula uste dut. Izan ere, egunero jendearekin entrenatzen duzu, baina txapelketa beti bakarka egiten da. Bakarrik egote horrek karga psikologiko handia du, txapelketa ez baita fisikoki ondo egotean bakarrik oinarritzen. Garbi dago fisikoa eta taktika oso aspektu garrantzitsuak direla, baina buruz indartsu dagoenak aukera gehiago ditu.
Zenbat kategoria daude?
Bi kategoria daude, C1 eta K1, eta bakoitzean neskak eta mutilak banatzen dira. K1 kategorian piraguista eserita dago eta bi pala ditu arraunean, eta C1 modalitatean, berriz, belauniko zaude, eta pala bakarra duzu arraunean. Ni azken honetan ibiltzen naiz.
Maialen Chourrautekin entrenatzeak zer suposatzen du zuretzat?
Azkenaldian askoz gehiago entrenatzen dut berarekin, eta zorte handia dut. Maialenekin entrenatzen dugun guztiontzat da inspirazioa. Nik, adibidez, txikitatik ezagutzen dut eta jarraitzen dut, eta bere bilakaera ikusi dut. Oroitzen dut Beijingo Olinpiar Jokoetan hamaseigarren geratu zela, eta finalerdietara lehen hamabostak bakarrik pasatzen zirela. Nik 11 urte nituen orduan.
Ordutik hona sekulako emaitzak lortu ditu, eta zenbat lan egin duen ikusi dut. Entrenatzeko izan duen jarraikortasun horrek ere inspiratzen nau, ez emaitzek bakarrik. Ispilu moduko bat da, eta gauza handiak egin ditzakegula sinestarazten laguntzen digu.