"Merkataritzan ez dago inor sobran"
Saltoki handietako langileak greban dira gaur, egun indarrean dagoen digitalizazio ereduak lanpostu asko suntsituko dituela salatzeko. Hiriko urrezko milia zeharkatu dute gaur goizean egindako manifestazioan, Merkataritza borrokan digitalizazioaren aurrean: enplegua defendatu eta duindu lelopean. ELA eta LAB sindikatuek antolatu dute greba, eta Maddi Aspiazu ELA sindikatuko kidearen arabera, beste digitalizazio eredu bat behar dute saltoki handietan: “Gaur greba egun bat deitu dugu ikusten dugulako enpresek inposatu nahi diguten digitalizazio ereduak denden itxiera eta kaleratzeak ekarriko dituela. Guk uste dugu lanpostu denak bermatuko lituzkeen beste digitalizazio eredu bat posible dela, ulertzen dugulako merkataritzan ez dagoela inor sobran”.
Aspiazuren ustez, lanorduak murriztea izango da gakoa: “Guk ikusten dugu hitzarmenetan indarra egin beharko litzatekeela urteko lanaldia jaisteko, ulertzen dugulako lanordu gutxiago egingo balira, denontzat orduak eta lana egongo liratekeela. Lanpostu gehiago sortzeko aukera egongo litzateke, eta gehienbat, daudenak ez suntsitzekoa. Industrializazio garaian lortu zen 40 orduko lan astea, eta ulertzen dugu bide horretatik izan behar dela gaur egungo aldaketa ere, digitalizazioan aldaketa”.
Gaur greba egiten ari diren merkataritzako langileak saltoki handietan aritzen dira, baina denda txikietako langileekin aliantzak sortu behar direla uste du ELAko kideak: “Denok dakigu digitalizazio prozesu honek dendari txikiei min handia egingo diela, sektoreko enpresa potoloek euren indarra erabiliko dutelako denen gainetik euren interesak defendatzeko”.