Ondarearen Aholku Batzordea sortzeko lehen pausoa eman dute
Donostiako Udalak Ondarearen Aholku Batzordea sortzeko prozesua hasi du. Batzordea sortzeko balioko duen araua kontsulta publikora zabaldu dute, eta herritarrek uztailaren 5era arte izango dute aukera ekarpenak egiteko. Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren azken aldaketan onartu zuten aholku batzordea sortzea, eta organo berriaren funtzioa hiri ondareari buruzko kontsultak egitea izango da, hau da, udalari aholkuak eman eta informatzeko balioko du.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren hitzetan, “batzorde hau organo kontsultiboa izango da eta segidakoek osatuko dute: kualifikazio handiko pertsonala –dagokion titulua dutenak eta ondare arkitektoniko alorrean esperientzia dutenak–, baita beste hainbat alorretako ordezkariak ere: esaterako, Arkitektura eta Historiako unibertsitate irakasleak, arkitekturako profesionalen kolektibo edo elkargoak, eta Hiriko Ondarearekin lotura duten elkarteak”.