Reyes Carrerek gaztetan sexu jazarpena pairatu zuela kontatu du
Reyes Carrere, EH Bilduren udal taldeko bozeramailea. (Argazkia: EH Bildu Donostia) Reyes Carrere Donostiako Udaleko EH Bilduko bozeramaileak aitortu du 20 urte zituela eskubaloi talde bateko presidenteak sexualki jazarri zuela: “Nik jokatzen nuen eskubaloi taldeko presidentea nire logelan sartu zen 23:30ean”, adierazi du. EH Bilduko bozeramaileak gaztea zela jasandako erasoa atzoko udalbatzarrean kontatu zuen, kirol taldeetan eraso sexistak prebenitu eta identifikatzeko protokolo baten alde proposamen bat egiten ari zela.
Eskubaloiko entrenatzailea izateaz gain, jokalaria ere izan da Carrere. Ez zuen zehaztu zein taldetan jokatzen ari zela gertatu zen sexu jazarpen hori, baina taldeak egin zuen bidaia batean jasandako erasoari buruz honakoa gehitu zuen: “Une horretan ez nuen pentsatu ni jazartzen ari zenik, baina denbora pasa eta gero, bai: hori da identifikatu behar dena”.


