Loiolako Erriberako trukagailuaren proiektua jendaurrean jarri du ETSk
Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, jendaurrean jarri du gaur Loiolako Erriberako trukagailuaren informazio azterlana. Euskotrenek ustiatutako topoaren linea eta Renfeko aldirietako linea geltoki baten bidez lotzeko proiektua da, eta bi lineek bat egiten duten tokian garraio aldaketak egiteko aukera emango die erabiltzaileei.
39,4 milioi eurokoa da hasierako aurrekontua (BEZa barne) eta 36 hilabetekoa egikaritze epea. Esan bezala, proiektuaren helburua da ETSren topoaren Lasarte-Hendaia E-2 linearen eta Adifen aldirietako C-1 linearen arteko konexioa ahalbidetzen duen Loiolako Erriberako trukagailuaren definizioa. Jardueraren eremua Euskotrenek Adifen linearen gainean Loiolako Erriberan abiatutako linearen bidegurutzean dago, Zorroaga pasealekuaren kanpoko ertzean, Amara Berri auzoaren ekialdeko muturrean eta bizitegi garapen berriaren hegoaldean.
Gaur egun, nahiz eta topoak Renfek erabiltzen duen linea era perpendikularrean zeharkatzen duen, ez dago ez geltokirik ez geralekurik bi trenbideetako batean ere. Jaurlaritzako Garraio sailak bultzatutako azpiegitura berriak Euskotrenen eta Renferen aldirietako erabiltzaileen mugikortasuna babestea eta erraztea du helburu. “Gipuzkoako trenbide garraioari bultzada handia emango dio, lurraldeko trenbide garraioaren bi ardatz nagusiak lotuko baititu”, adierazi du Garraio sailburu Iñaki Arriolak.
Trukagailuaren xehetasunak
Loiolako Erriberako trukagailuak alboetan bi nasa izango dituen eraikina eraikitzea aurreikusten du. Eraikin horrek topoaren egungo trenbideak ekialderantz mugitzea ekarriko du, eta baita Zorroaga pasealekua mendebalderantz ere, eraikin horri lekua egiteko. Geltoki berria lur gainean egongo da. Trukagailuak Adifen trenbideen %50 estaltzea ere barne hartzen du bere nasa berrietan zehar, geltokia argiz eta aireztapenez hornitzeko eta Bartzelona hiribidetik sarbide zuzena izateko. Azken lan hori bigarren fase batean gauzatuko da, trukagailuaren eskariaren bilakaeraren arabera.
Trukagailua osatu ondoren, geltokiak argi eta garbi bereizitako bi zati izango ditu: alde batetik, Euskotrenen nasa eta instalazioak, eta bestetik, lurperatuta, Adifen aldiriko trenbidearen nasa eta instalazioak. Bi aldeen artean, dagozkion korridoreak, banaguneak eta komunikaziorako eskailerak jarri beharko dira. Eraikuntza-proiektuan, nasak behar bezala ebakuatzeko beharrezkoak diren larrialdi irteerak aztertu eta definitu beharko dira. Horrez gain, Adifeko nasak estaltzeak Memoriaren Lorategia Amaiurko Parkearekin lotu arte zabaltzea ahalbidetuko du. Horrela, balio handiko berdegunea sortuko da Amara Berri auzo finkatuaren eta Loiolako Erriberako garapen berriaren arteko elkargunean.
Alegazioak
Proietuaren informazio azterlanari alegazioak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa da, gaurtik hasita. Izan ere, gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Epe horretan, udalek, elkarteek eta norbanakoek, edukiari, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten inguruabarrei eta trazaduraren ikuskera orokorrari buruz egoki iritzitako alegazioak egin ahal izango dituzte. Informazio azterlana hiru lekutan egongo da eskura aztertu ahal izateko: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Donostiako Udaletxean eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraioen ataleko Azpiegitura-proiektuen Informazio Publikoaren webgunean.