Hogei proiektu hautatu dituzte herritarrek Partaidetzako Aurrekontuen prozesuan
Donostiako Udalak 2022 eta 2023 urteetarako Partaidetzako Aurrekontuen prozesuaren emaitzak jakinarazi ditu. Guztira, hogei proiektu hautatu dituzte bozketa bidez 3.723 herritarrek. Azken bi asteetan bozkatu ahal ziren 93 proposamenetatik lehentasunezko proposamenak aukeratu dituzte.
Proposamen finalistak herritarrek egindako bozketen arabera ordenatu dira, 93 proposamenen artean lehentasunezko bost proiektu aukeratu behar baitzituzten. Sailkapen horren ondoren, gauzatu beharreko proiektua zehaztu da, bakoitzaren aurrekontuaren eta programa honetako aurrekontu orokorraren arabera –1,5 milioi 2022rako eta 1,5 milioi 2023rako, eta 421.000 euro 2022rako Ekialdeko Barrutiko proiektuetarako–. Beraz, 2022an Ekialdeko Barrutiko bi proiektu jarriko dira martxan, eta zortzi hiriko gainerako eremuetan; 2023an, berriz, hamar proiektu egingo dira hirian, Ekialdeko Barrutiak ekitaldi horretarako aurrekontua zehaztu arte.
Eneko Goia alkateak azpimarratu du proposamen kopurua eta parte hartu duten pertsonen kopurua hazi egin dela. “Hori albiste oso ona da, donostiarrei aukera ematen baitie hiriko proiektuen eraikuntzan parte hartzeko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet Donostiarentzat hain garrantzitsua den prozesu honetan parte hartzeagatik”, esan du Goiak.
Hautaturiko proiektuak
Hiriko hainbat auzotan egingo diren proiektuei dagokienez, 2020an ondorengoak jarriko dituzte abian: hiru Antiguan –frontoia berritzea, bidegorriak konpontzea eta haur zein gazteentzat espazioak irabaztea–, bat Egian –bidegorri sarea konpontzea Frantzia pasealekuan–, bat Erdialdean –bidegorri sarea konpontzea Gernikako pasealekuan–, bat Txomiñenean –Ibai parkea 27 industrialdeko biribilgunearekin lotzea– eta beste bi hirian orokorrean –hondakinak bereizita biltzeko edukiontzi txikiak eta bizikletentzako ‘u’ itxurako aparkalekuak–. Ekialdeko Barrutiaren kasuan, datorren urtean bi proposamen aurrera eramango dituzte; bata, Intxaurrondon (Monseko kiroldegiaren alboa ixtea), eta bestea, Herreran (Arrobitxulo parkearen argiztapena).
2023an, berriz, hiru proiektu egingo dira Igeldon –Pokopandegi bidea garbitu eta Pilotegi bidea osorik asfaltatu–, bi Loiolako Erriberan –ibaian utzitako betelanak kentzeko egitasmoa eta parke estalia–, bi Antiguan –jubilatuen elkartea berritzea eta Reno plazatxoko haurren parkea estaltzea–, bat Parte Zaharrean –aterpe bat jartzea Zuloaga plazako parkean–, bat Amara Berrin –skate park bat jartzea– eta bat Grosen –Bakearen Usoaren ingurua hobetzea–.
Egingo diren proiektuak zehaztu ondoren, udalak proposamen bakoitzaren sustatzaileekin lan egingo du horiek garatzeko, administrazio prozesua bukatuta eta dagokion ekitaldian gauzatzeko prest egon dadin.