Abian da Donostia "gene terapiaren munduko erreferentzia" bihurtu duen Viralgenen planta berria
Miramongo Parke Teknologikoko Viralegenen biozentzia planta berria inauguratu dute gaur, 70 milioi euroko inbertsioaren ostean. Jude Samulski Asklepios BioPharmaceuticaleko (AskBio) fundatzaile eta presidenteak nabarmendu du erakunde publikoen eta ekimen pribatuaren elkarlanaren “emaitza” dela gene terapiaren esparruko enpresaren planta. 260 ikerlari ari dira han lan egiten, eta beste 130 ariko dira azpiegitura zabaltzeko azken fasea bukatzean, 120 milioi euroko inbertsioari esker.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Pedro Duque Espainiako Zientzia ministroa, Donostiako alkate Eneko Goia, Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Adegiko presidente Eduardo Junkera eta Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzin izan dira aurkezpenean, eta eskertu dute Bayer multinazionalak Viralgenen egindako inbertsioa. Era berean, Gipuzkoa eredu gisa jarri dute ikerketa eta garapenaren alorrean, baita kolaborazio publiko-pribatua goraipatu ere.
Viralgen 2016an sortu zuten, eta Bayerrek erosi du duela gutxi, AskBio enpresa erosteko prozesu berean; 4.000 milioi euroko operazioa izan zen. Bestalde, Viralgen koronabirusaren aurkako txertoa garatzen aritu da azken urtean. Hain zuzen, Massachusettseko General Brigham ospitaleak (MGB) eta Harvard Unibertsitateak garatu dute txertoa, eta Donostiakoa izango da Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo txertoa ekoitziko duen enpresa bakarra.