Realak Huescaren aurka hasiko du denboraldi-aurrea, uztailean
Realak mutilen lehenengo taldearen denboraldi-aurrearen hasieraren berri eman du dagoeneko, eta Imanol Alguacilen mutilek Huescaren aurka jokatuko dute 2021/2022 denboraldiko lehenengo lagunartekoa. Uztailaren 8an hasiko dira entrenatzen, eta 17an izango da norgehiagoka, 19:00etan, Zubietan.
Huescaren aurkakoarekin, lau dira dagoeneko txuri-urdinek denboraldi-aurrean jokatuko dituzten lagunartekoak. Hain zuzen, uztailaren 17koaren ondoren, 24an, Alavesen aurka jokatuko dute Zubietan (19:00etan); 31ean, AZ Alkmaarren aurka Herbehereetan (17:00etan) eta abuztuaren 6an, Eibarren aurka Zubietan (11:00etan). Liga abuztuaren 13ko asteburuan hasiko dute, Bartzelonaren aurka, Camp Noun.
Bigarren taldea
Realaren B taldeak debuta egingo du datorren denboraldian bigarren mailan, eta abuztuaren 13ko asteburuan hasiko dira baita ere. Horrela, Xabi Alonsoren mutilek aurretik jokatuko dituzten lagunartekoak ere iragarri ditu klubak.
Hain justu, uztailaren 20an Osasunaren bigarren taldearen aurka jokatuko dute Zubietan (19:00etan), 24an Eibarrekin neurtuko dira Zarautzen (11:00etan), 31ean Burgosen aurka jokatuko dute Zubietan (19:00etan) eta abuztuaren 7an Mirandes jasoko dute (19:00etan). Bestalde, uztailaren 28an beste norgehiagoka bat jokatuko dute, baina oraindik ez dute jakinarazi zein izango den aurkaria.