San Martingo auzo elkarte sortu berria lanean hasi da
Aldapetaren, Easo kalearen eta Londres hotelaren artean dagoen eremua San Martin auzoa izan da historikoki, eta hainbat saltokik auzo izaera sustatu dute azken hilabeteotan San Martin Auzoa egitasmoaren bidez. Orain, auzo elkarte gisa antolatzea erabaki dute, eta elkartea sortu dute dagoeneko. Auzoko 60 bat eragile batu dira auzo elkartera. Horrela, hirigintzan, marketingean ekitaldietan eta merkataritzan lan egiteko lantaldeak sortu dituzte, eta Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziarekin harremanetan hasi dira.
Alde batetik, Zaragoza eta Zubiri plazen eta Easo kalearen egoeraren inguruko txosten bat helarazi diote Idoetari, eremu horietan dituzten kezken berri emateko eta proposamenak egiteko. Era berean, oinezkoentzako sarbide bat eskatu dute San Martzial kaletik Zubiri eta Zaragoza plazetara, Artzain Onaren zonan dagoenaren antzekoa. San Bartolome kaleko utzikeriaren inguruan kezkatuta daudela ere jakinarazi diote zinegotziari, eta erakundeekin batera lan egiteko beharra nabarmendu dute, inguru hori biziberritzeko. Horrez gain, metroak Zubiri plazan izango duen geltokiari auzoaren izena emateko eskatu dute: Kontxa/San Martin auzoa izena proposatu dute.
Hirigintzatik harago, auzo elkartekoek azpimarratu dute hiriko data garrantzitsuetan egitasmoak antolatzeko lan egiten ari direla: Jazzaldian, Musika Hamabostaldian, Aste Nagusian, Zinemaldian, Kontxako banderan, Gabonetan eta, batez ere, azaroaren 11n, San Martin egunean.
San Martin auzoaren historia eta hango saltokiek sortutako egitasmoa hobeto ezagutzeko, erreportaje mamitsua osatu zuen hedabide honek iaz, auzoko hainbat merkatarirekin hitz eginda.