Borrero eta biktimen istorioa
There is no evil
Zuzendaria: Mohammad Rasoulof.
Urtea: 2020.
Herrialdea: Iran.
Sheytan Vojud Nadarad (There is no evil)-ek 2020ko Berlinalen film onenaren saria irabazi zuenean, Mohammad Rasoulof zuzendariak ezin izan zuen saria jaso. Bideokonferentzia bidez eskertu zuen saria, duela urte batzuk Irandik ezin atera baitago, bere zinemaren bitartez herrialdearen aurkako propaganda hedatzea egotzita. Hain zuzen ere, Irango biztanleek pairatzen duten jazarpenaz mintzo zaigu bere azken lanean, klandestinitatean grabatua eta zinema aretoetan aurreko astean estreinatu zena.
Heriotza zigorraren gaiaren inguruan antolatzen dira Sheytan Vojud Nadarad filma osatzen duten lau kontakizunak; erritmo, doinu eta berezitasun zeharo ezberdinek agintzen dutelarik haietako bakoitza. Zentzu horretan, filmaren bizkarrezurra den gaiaz gain, lau istorioek haien artean zerikusirik ez badute ere, Rasoulofek jorratzen duen testuinguraketa argia da. Horri esker, minutuak igaro ahala, Irango egoeraren ñabardurak ezagutuz joango gara: heriotza zigorraren nondik norakoak, soldaduskaren nahitaezkotasuna, lege bidegabekoak, herritarren egunerokotasuna…
Rasoulofek, zinema sozialean urtez trebatutakoak, argi eta garbi adierazten du heriotza zigorraren aurkako bere aldarria. Gaizkiaren hutsalkeriaren inguruko hausnarketak gogora ekarriz, biktima eta biktimarioen arteko aldea lausoa, eta orotara mingarria, dela baieztatzera dator filma. Estatu errepresiboaren pean hartzen diren erabaki pertsonalen itxurazko askatasuna zalantzan jartzen du zuzendariak behin eta berriz, pertsonaien hautuak distantzia neutralaz behatuz. Nire ustez, gehiegizkoa izatera ailegatu daiteke Rasoulofek gorde nahi duen erlatibismo puntua, eta, ondorioz, bere aldarria gardena bada ere, indarra galduz doa, auzia gizabanakoen miseria pertsonaletara soilik murrizten duen heinean.
Era berean, filma konposatzen duten lau istoriotako bakoitzarekin atmosfera zeharo ezberdinak lortzen badira ere, gaia errepikakorra izatera heltzen dela deritzot. Banan-banan kontakizun bakoitzak indar itzela dutela iruditu zait, baina laurak bi ordu eta erdiko zintan elkartzerakoan, filmak ikuslea harritzeko eta asaldatzeko ahalmena ezabatuz doa, ideia berdinaren birmoldaketa soilak ikusten egotearen sentsazioa nagusituz.
Hori esanda, azpimarragarriak iruditu zaizkit Irango txoko ezberdinak erretratatzeko gaitasuna, baita pertsonaiak eraikitzeko erraztasuna ere; biak ala biak xehetasun eta begirune handiz onduak. Denboraz eta tentuz eraikitzen ditu Rasoulofek pasarte bakoitzeko argumentuak, eta ardura hori beti da eskertzekoa. Gainera, gaia laztasunez beteta egonda ere, zuzendariaren begirada ez da zeharo pesimista; are gehiago, kutsu humanista sutsua darie lau kontakizunei.
Filmaren balio didaktiko edo soziologikoa ukaezina bada ere, ez dut uste Rasoulofen obra txukunena denik Sheytan Vojud Nadarad. Hala ere, filma ikusi bitartean, «zer egingo nuke nik?» galdera burutik ezin kendu ibili naiz. Hala bada, dirudienez, Rasoulofen lanak lortu egiten du bere xedeetako bat, hau da, hain urrunekotzat jo dezakegun Irango heriotza zigorraren auzia geure egunerokotasunarekin harremanean jartzea, nolabait.

